Aralar Txirrindularitza Taldeak 2019 denboraldiko aurkezpena eginen du

Guaixe 2019ko mar. 7a, 14:39
Aurreko urteko aurkezpena Arbizun egin zuten eta aurtengoa Lakuntzan, Sakana Group kooperatiban eta Lakuntzako zinean.

Igandean, goizeko 11:00etan Sakana Group kooperatiban talde argazkiak eginen dituzte eta 12:00etan denboraldiko aurkezpena Lakuntzako zinean eginen dute

Aralar Txirrindularitza Taldeak 2019 denboraldiko aurkezpena igandean eginen du, jaioterrian, Lakuntzan. Aurtengo nobedade nagusia taldearen izena izango da. Izan ere, orain arte Intersport Irabiak babesten zuen talde sakandarra, baina hemendik aurrera Lakuntzako Sakana Group kooperatiba izango da taldearen babesle berria eta izen horrekin lehiatuko dira Aralar klubeko txirrindulariak. Babesle berria izatearekin batera, maillot berriak estreinatuko ditu Aralar klubak eta guztiaren aurkezpena igandean eginen dute.

Lehenik eta behin babeslearen egoitzan, Sakana Groupen egingo dituzte talde argazkiak, igandean, goizeko 11:00etan, eta ondoren Lakuntzako zinean bilduko dira guztiak, bertan denboraldiaren aurkezpena egiteko. Aipatzekoa da juniorrek aurreko igandean estreinatu zutela denboraldia, Villatuertan, eta Aralarko Aitor Alberdik irabazi zuela lasterketa.