Binakakoa: bueltan da lehia

Guaixe 2019ko mar. 7a, 13:42

Zabaleta eta Martija elkarren kontra ariko dira Binakako finalerdiko lehen jardunaldian, igandean, Eibarko Astelenan.

Binakako finalerdietako lehen jardunaldian sakandarrak elkarren kontra ariko dira: Altuna III.ak eta Martijak Irribarriaren eta Zabaletaren kontra jokatuko dute igandean Astelenan

Binakako Pilota Txapelketako hasierako ligaxka jokatu eta gero, Elezkano II.a-Rezusta, Irribarria-Zabaleta, Victor-Albisu eta Altuna III.a-Martija sailkatu ziren finalerdietarako. Astebeteko atsedenaldia eta gero –soilik Zabaletak jokatu zuen aurreko asteburuan, Tolosan– finalerdietako lehen jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. 

Bihar, larunbatean, Elezkano II.a eta Rezusta Victorren eta Albisuren kontra ariko dira Labriten (17:45ean, ETB1). Eta igandean, Altuna III.ak eta Martijak Irribarria eta Zabaleta izango dituzte aurkari Eibarko Astelenan (17:00, ETB1). Beraz, bueltan da ikuskizuna. Atzo larunbateko pilota aukeraketa egin zuten Elezkano II.a-Rezustak eta Victor-Albisuk Labriten, eta gaur, ostiralean, 11:30ean pilotak aukeratzeko hitzordua dute Altuna III.a-Martijak eta Irribarria-Zabaletak, Astelenan.

Ikusmina handia da, txapelketako azken txanpan gaudelako eta onenek egin dutelako aurrera. Txapelketa bukaerara nola iritsi diren, hori da gakoetako bat, baina hasiera batean ez dirudi pilotariek arazorik dutenik. Lau bikoak sasoi betean daude eta partida lehiatu eta gogorrak aurreikusten dira, txapela baitago jokoan. Lehendabiziko jardunaldian kontra aritzea tokatuko zaie Sakanako bi pilotariei, Jose Javier Zabaletari eta Julen Martijari. Bi atzelariek bikain ezagutzen dute elkar eta katedrak atzeko koadroetan euren arteko lehia estua espero du.

Datozenak

Bigarren jardunaldia martxoaren 16an eta 17an jokatuko da, Iruñean eta Bilbon. Larunbatean, Labriten, lehen jardunaldiko galtzaileek jokatuko dute, eta igandean, Bizkaian, lehen jardunaldiko irabazleak ariko dira elkarren kontra. 

Azken jardunaldia martxoaren 23an eta 24an jokatuko da, larunbatean Iruñean eta igandean Donostian. Bigarren jardunaldia eta gero zehaztuko dute partiden ordena. Final handia apirilaren 7an jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.