Drummers

“Emakumeek ez dute danborra jotzen…” Hauxe izan zen 60. hamarkadan Karen Carpenter-ek jaso zuen erantzuna ikastetxeko orkestran musika tresna aldatu nahi zuela eta bateria jotzen hasi nahi zuela esan zuenean. Azkenean, lortu zuen. Danborren aurrean eseri zen eta ez da sekula altxatu. Handik gutxira The Carpenters osatu zuen Richard bere anaiarekin. 1969tik 1979ra lehen salmenta postuetan izan ziren. Karenek bateria jotzen duen abilezia historiako bateria-jole handienek goraipatua izan da, Karen bera ere erreferentziazko bateria-joletzat ezagutzen delarik.

80. hamarkadak talde eta estilo leherketa utzi zigun arren, 90. hamarkadan, oraindik ere, harrigarria suertatzen zitzaigun Lenny Kravitzen atzean, musika taldearen ibilbidea posiblea eginez, emakume bat ikustea. Bera Cindy Blackman da eta ez da bitxia, emakumeak bateria-jole izatea ohikoena ez delako soilik, baita bere jotzeko moduaren bitartez igortzen duen indarrarengatik ere. Argi uzten du nork agintzen duen. Rockera itzela izateaz gain, bere benetako estiloa Jazza-a da. Bere izenpean sinatu eta lideratzen duen hainbat disko ditu estilo honetan.

Beste talde handi bati erritmoa jartzen Sheila E. da. Hasieran baxua eta gitarra jo izan zituen arren, bateria eta perkusioa dira bere ingurune naturala. Urtetan, NEW POWER GENERATION-eko zuzendaria izan da, Prince laguntzen zuen musika taldearena. Ibilbide luzea du musikaren munduan eta hainbat artistarekin kolaborazioak egin izan ditu: Gloria Estefan, Lionel Richie, Ringo Star, Beyoncé…

Egia esateko, ez da batere erraza emakume bateria-joleak aurkitzea. Industria musikalaren barruan %80 gizonezkoa da eta %20 emakumezkoa. Datu honek hainbeste lan hartzen ditu, teknikariak, ordezkariak, backliners, eta abar. Baina… emakumezkoentzako eta gizonezkoentzako musika-tresnak daude edo guk sortzen dugu bereizketa hau? Inguruko musika eskolek prestatzen dituzten jaialdietan neskak pianoan eta mutilak baterian eserita ikusten ohi  ditut. Baina haurrak nire lokalera etortzen direnean, guztiek, neskek zein mutilek, bateria jotzea aukeratzen dute, beste musika tresnak baztertuz. Argi dago lagunen aukeraketak pisua izaten duela, baina ez gara aukeraketa hau etxetik ere behartzen ari?