AHT ibilbide proiektua

Sakana Trenaren Alde plataformaren mozioa Altsasun

Erabiltzailearen aurpegia Gutuna 2019ko mar. 8a, 08:10

Otsailean Altsasuko udalbatzak Sakana Trenaren Alde plataformaren mozio bat landu zuen.  Mozioak Sakanan eta Nafarroan AHTren proiektuak geldiarazteko eskatzen zuen, egungo trenbide-azpiegitura hobetzeko aukera aztertu arte. Goazen Altsasuren eta EH BILDUren babesa besterik ez zuen izan, baina AHTren lanak gelditzeko proposamena indartu egin da.

UPNk kontra bozkatu zuen, botoa argudiatzeko hitz-txanda erabili gabe. Argudiorik ez dagoenean, argudiatzea ezinezkoa da.

PSOEk ere kontrako botoa eman zuen, baina onartu zuen beste aukera batzuk aztertzeko prest zegoela, beti ere Sustapen Ministerioak aurkeztuko balitu. Sustapen Ministerioak ez du inoiz alternatibarik aurkeztu, beraz, PSNk kontraesanak agerian uzten ditu.

Geroa Baik une oro eztabaida saihestu zuen eta iaz onartutako mozio batera mugatu zen. Argudio falta eta nagusikeria politikoaren adibide garbia izan zen, eztabaidatzeari uko eginez, plataformako kideek zuzenean interpelatu arren.

AHTren linea eraikitzearen aldeko taldeetako bat ere ez da gai izan AHTren eraikuntzak Altsasuri ekar liezaiokeen onurarik aipatzeko. Hala ere, alferrikako obra hau geldiaraziko luketen argudioak pilatzen joan dira. Esaterako, ikerketa informatiboan bertan jasotako ingurumen-afekzioak; EHUko irakasleek egindako azterketak, bideragarritasun ekonomikorik ez dagoela erakusten dutenak; Europako Kontuen Auzitegiak egindako txostenak, abiadura handiko lineak eraikitzeko erabakia iritzi politikoetan oinarritzen dela nabarmentzen dutenak. Espainiako Kontu Auzitegiak egin duen txostenaren arabera, Gasteizko AHTren geltokiaren proiektuak 139 milioi euroko zuloa du eta oraindik ez da martxan jarri.

Aipatutako guztiak astakeria honekiko gero eta oposizio sozial handiagoa sortu du. Martxoaren 30ean Altsasuko kaleetan bistaratuko da aurkakotasun hori, Sakana Trenaren Alde plataformak antolatutako manifestazioan. AHTrik ez, Tren Sozialaren Alde.

Arantza Bengoetxea, Fco. Javier Paz, Haizea Ramirez de Alda (Altsasuko EH BILDUko zinegotziak)