Zaintza lanen gainkarga eta biolentzia omen daude egoera honen atzean.
Droga guztietan gizonezkoak daude emakumeen aurretik kontsumo mailan, psikofarmako bi motatan izan ezik, hipnosedanteak eta analgesiko opioideak. Biak errezetarekin erosi behar diren arren, alkohola eta tabakoaren atzetik sustantziarik kontsumituenak dira eta kalamua edo kokaina baino gehiago kontsumitu ohi dituzte emakumeek.
Azken hamabi urteetan psikofarmakoen kontsumoa, hipnosedanteak batez ere, hirukoiztu egin da. 2018. urtean sustantzia hauek kontsumitu zituztenen artean, %63,9a emakumeak izan ziren, bai erabilera puntual bat eginez edo ohiko erabilerarako. Emakume hauen adina 47,5 urtekoa da batez beste. Jakina da adinarekin kontsumoa gora doala, beste sustantzia batzuekin gertatzen denaren kontra, adinarekin kontsumoa jaisten joaten baita.
Sustantzia hauen kontsumoa estalia izaten den arren, ez dago estigmarekin lotua, gauza normaltzat hartua dago emakumeen artean eta ezezagutza handia dago kontsumitzaileen artean. Sustantzia hauen gehiegizko erabilerak dependentzia sortzen duela ez da gauza ezaguna, edo behintzat ez zaio ematen duen garrantzia.
Orokorrean sustantzia guztietan gizonezkoen kontsumoak dira nagusiak, nahiz eta berdintasunerako joera ageria den mundu mailan gazteen artean. Aditu baten esanetan, emakumezkoak medikuarengana gizonak baino gehiago joateko ohitura dutenez eta osasun mentaleko arazoak adierazten dituztenez, logikoki hipnosedanteen errezeta gehiago eman ohi zaie.
Sustantzia hauek beste sustantzia batzuen ondoan ikustea kosta zaio jendeari, heroinaren ondoan adibidez, baina benetan biak drogak dira, batzuk osasun etxean errezeta batekin lortzen direnak eta besteak berriz kalean; ezberdintasuna legala da baina ez zientifikoa. Heroina morfinaren (opioideo bat) deribatua da, eta errezeta bitartez lortutako hauetarikoak ere opioideak dira. Errezeta bitartez lortzen direnez, arrisku gutxiago dakartzatela pentsatzera garamatza, gainera.
Espainiako Ministerioaren arabera, Espainian psikofarmakoen erabilera desegokia 775.762 pertsonek egiten omen dute.
Honetaz guztiaz gain, Espainia Europa mailan hipnosedante hauen erabilera desegokian lehenengoa da. Orokorrean antsietaterako edo lo ezarako errezetatu ohi dituzte hipnosedanteak, eta arazo horiek nondik datozen ikusteko lana ez da egiten. Askotan egoera hauek emakumezkoek jasaten dituzten zaintza lanen gainkargak, estresak, biolentzia egoerak… sortuak izaten dira.