Greba feminista "gizarte itun berria eskatzeko”

Guaixe 2019ko mar. 8a, 11:56

Grebara deitzeko arrazoiak prentsaurrekoan azaldu zituen mugimendu feministak.

Sakanako mugimendu feministak “dena aldatzeko”, emakumezkoak 24 orduko grebara deitu ditu gaurko. Herrietan hainbat deialdi eginak daude eta haietan parte hartzera deitu dute

Joan den urtean bezala Sakanako emakumeak, Euskal Herriko eta mundu guztiko emakumeekin batera, greba egitera deituak daude. Aurreneko greba feminista lau orduko txandetan izan bazen, aurten 24 ordukoa deitu du mugimendu feministak. Heteropatriarkatu kapitalistari planto! leloa du aurtengo deialdiak. Greba feministak bost ardatz ditu: pentsioak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa. Gaurko grebarekin mugimendu feministak bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eredu berria aldarrikatuko du.

Sakanako mugimendu feministatik “ordaindutako lanetan, ez ordaindutakoetan  eta doako lanetan greba egitera” deitu dute. Baina deialdia ez da horretara mugatuko: “sexualitatean, kontsumo ereduan, familian, hezkuntzan, arrazismoan, edertasun ereduan eta existitzen diren beste zapalkuntza eredu guztietara ere zabalduko da”.

Aldarrikapenak
Grebaren Sakanako deitzaileek azaldu dutenez, “erabat emakumezkoen gain dauden zaintzen berregituratze soziala” nahi dute. Eta, horrekin batera, doako etxeko lanak salatu dituzte, “gehienetan emakumezkoak garelako horien arduradun bakarrak”. Aldi berean, gaur kontsumoari uko egitera eta autogestioan oinarritutako beste kontsumo ereduak sustatzera animatu dute.

Ibarreko mugimendu feministatik salatu dutenez, “emakumezkook lan prekarietatea pairatzen dugu”. Horregatik, “lan baldintza eta eskubide ez duinei eta minimoen azpiko soldatei aurre egin nahi diegu, berriz ere, lan egoeren gaineko genero arrakala bizi dugulako”. Emakumezko pentsiodunen egoera “tamalgarria” dela salatu dute: “erretiratu ondoren, baldintza txarretan, zaintza eta etxeko lanetan jarduten gara, eta jasotzen dugun pentsioa gizonezkoek jasotzen dutena baino askoz txikiagoa da”.

Sakanako mugimendu feministako ordezkariek esan dutenez, “badakigu kapitalismoa ezin dela berregin emakumeak azpiratu gabe. Emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da”. Horregatik, “sistemarekiko haustura eragiteko eta paktu sozial berri bat eskatzeko goaz grebara”. Eta nahi duten gizarte eredu mota zein den argitu dute: “enpleguaren sarbidean eta jatorrian oinarritzen ez den herritartasun eredu inklusibo bati ateak irekiko dion ituna nahi dugu. Emakumezkoen eskubide sozialak eta zibilak eskuratzeko eta lanaren esplotazioa, kapazitismoa, arrazakeria eta sexu-generoaren arteko bereizkeria gainditzeko borrokatzen arituko gara”. Grebarekin honakoak borrokatuko dituzte: prekarietatea, aniztasunaren kontrako indarkeria matxista, heteroaraua, arrazakeria eta kolonialismoa.

Greban parte hartzeko proposatutako moduak
- Lantoki eta ikasgeletan greba eginez.
- Herrietako eta hirietako mobilizazioetara joanez.
- Zaintzeari uztea eta, hori aldarrikatzeko, amantala balkoian zintzilikatzea.
- Eskualdean edo arloan greba antolatuz eta zabalduz.
- Besoko morea eta txapa jarriz, grebarekin bat egiten dugula adierazteko.