“Ahaldundu egin behar gara”

Guaixe 2019ko mar. 8a, 16:30

Izaskun Larrion.

Kattuka haur eskolak ateak itxiak ditu gaur. Greba feministarekin bat egin dute bertako langileek. Ez da zerbitzu minimorik egonen. “Gure lanean, esanen nuke, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan gaudela, ditugun ratio izugarriengatik”. Herrietan deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko asmoa dute. Haietako bat da Izaskun Larrion eta harekin feminizatutako sektoreez hizketatu gara. 

Zure seme-alabek izan dituzten zaintzaile eta irakasle guztien artean zenbat ziren gizonezkoak? Eta emakumezkoak? Telefono eskaintza bat egiteko sekula hots egin al dizu gizonezko batek? Ikusi duzu inoiz gizonezko bat hipermerkatu bateko kutxan kobratzen? Eta supermerkatu bateko apalak betetzen? Sartu zaren azken arropa dendetako dendarien generoa zein den gogoratzen duzu? Akaso denak emakumezkoak? Izan zaren azken hotelean pasabidean garbiketa egiten duten emakumezkoekin gurutzatu zara? Edo lan horretan gizonezkoren bat imajinatzen duzu? Berdin da administrazio publikoa edo enpresa pribatua izan, sartu zaren azken bulegoan zein zen emakumezko eta gizonezko langileen arteko portzentaia? Zure bizi guztian zenbatetan artatu zaitu gizonezko erizain batek? Zure ikastetxeko sukaldean ari direnak emakumezkoak dira, ezta? Zure inguruan etxeko lanak zenbat gizonezkok egiten dituzte?

Feminizatutako sektoreez ari garenean emakumezko langileak gehiengoa diren lan arloez ari gara. Sektore horietako askok zaintzarekin lotura dute. Baina haien artean komunean gauza gehiago dituzte: normalean soldata txikiak dituzte; gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata arrakala handia dagoen sektoreak dira;  lan baldintza eskasak dituzte (ordutegi eza, ordu asko, egunero etxean lanean, ordaindutako baimenik ez, oporrak…); kontratuak (gutxienekoaren azpitik, plusik ez, beltzean…); zaintzari lotutako sektore jakin batzuetan etorkin asko lan egiten ari da; sektore horietan lan egiten dutenek botere edo erabaki guneetatik oso urrun daude eta askotan elkarteetan edo sindikatuetan antolatu gabeko sektoreak dira. Hitz batean laburbilduz: prekarietatea. Hori da feminizatutako sektoreetako askotan lan egiten duten emakumezkoen errealitatea.

Langile horiei duintasuna emateko hainbatetan zerbitzu publiko egokiak (gizarte zerbitzuak, zaintza kate guztia…) aldarrikatu dira. Greba feministarekin sektore feminizatutako emakumezkoak ahaldundu nahi dituzte. Aldi berean, antolatzearen beharra garrantzitsua dela adierazi nahi da gaur. Horrekin batera, feminizatuetako sektoreetako langileei euren egoera publiko egitea zein garrantzitsua den adierazi nahi diete. Baina, aldi berean, sektore horiek erabiltzen dituzten pertsonak langile horien prekarietatearen inguruan kontzientzia hartzera deitu dute.

Zertaz hitz egiten dugu feminizatutako sektore batez hitz egiten dugunean?
Gure kasuan, adibidez, 0 eta 3 urteko zikloan lanean ari gara. Nik esanen nuke sektore honetan % 90, gehiago ez bagara, emakumezkoak garela. 0-3 zikloa zaintzari lotuta dago eta, nik uste, betidanik zaintza horiek emakumeei zuzenean zuzendutako zerbait izan dela.

Lanean daramazun denboran bilakaerarik ikusi duzu?
Mantentzen da, gehienak emakumezkoak gara. Gizonezkoak ikusten dituzu. Gure kasuan lankide bat daukagu. Baina ez da batere ohikoa.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan bilakaerarik izan da?
Nik ezagutzen dudanagatik esanen nuke ez dela bilakaera handirik egon. Prestakuntza saioetara joaten zara eta ikusten duzu: gehiengoa emakumezkoak izaten segitzen dugu.

Sektore horiek zer dute komunean?
Zaintzarekin harremana duten lanbideak dira hainbat: haurrena, adinduena, beharra duten pertsonena… Jendarteak ez dio zaintza horri duen garrantzia ematen. Uste dut pentsaera bat dagoela: badirudi emakumezkoak jaio garela zaintza egiteko berezko zerbaitekin. Gure kasuan hezitzaileak eta zerbitzu anitzetako langileak gaude eta soldata baxuak denok dauzkagu, lan baldintza prekarioak denok dauzkagu. Azkenean horrek feminizatutako sektoreak lotzen gaituen zerbait da.

Prekarietate horrek zer eragin du emakumezkoen bizitzan?
Joera asko dago: “hau hartzen dut edo ez daukat besterik”. Eta ez borrokatzea pixka bat hobera joateko. Beldur hori: “baldintza kaxkar hauek onartzen ez baditut kalean nago!” Horrek dituen ondorio guztiekin. Pixka bat rol hori asumitzea. Onartze puntu batean zaude: horrela da! Baina ahaldundu egin behar gara. Gu ere pertsonak gara eta eskubide berberak ditugu.  

Feminizatutako lanak egiten duten emakumezkoek egiten dutena lan gisa ez dituela aitortzen, sentsazio hori duzu?
Erabat. Gure kasuan, adibidez, erabateko zaintza da. Baina ez zaintza bakarrik: haurrari bazkaria eman, fardelak aldatzea. Ez da hori bakarrik. Haur hauek etorkizunean pertsona osasuntsuak izateko zaintza onak, errespetuzkoak eskaini behar dituzu. Kristoren garrantzia dute, batez ere, adin tarte honetan jasotzen dituzten zaintzak. Eta jendarteak ez du baloratzen. Feminizatutako arlo bat da, orduan: “bueno, horretarako zaudete!” Etorkizunerako duen garrantzia ez da batere baloratzen. Eta hortik, pixka bat, joan daiteke lotuta soldata eta lan baldintza prekario horiek.

Duintasuna emateko zer egin behar da?
Gure lana plazaratu eta jakitera eman. Gu gure kasuan saiatzen gara familiekin: “hau ez da bakarrik haurra utzi eta guk zure haurra zaintzea. Gauza gehiago ditu”. Bakoitzak bere arloan, lan horiek zein garrantzia duten plazaratu eta jendarteratu behar dugu.

Horrelako eredurik bada beste herrialderen batean?
Prestatzen Katalunian eta Budapesten egon gara eta egoera antzekoa da. Ikusten duzu sektorea erabat feminizatua dela. Eta halakoetan Madrilgo jendearekin topo egiten duzu eta denen kexa bera da: lan baldintza prekarioak, soldata prekarioak, ez baloratzea egindako lana… Orokorra da.


Feminizatutako sektore batzuk
Etxeko langileak, etxeko zaintzaileak.
Etxez etxeko zerbitzuko langileak.
Telemarketing enpresak.
Eguneko zentroetako eta adinduen egoitzetako langileak.
Garbiketako langileak.
Sukalde langileak.
Haur eskoletako langileak.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako langileak.
Heziketa bereziko langileak.
Supermerkatuetako eta hipermerkatuetako kutxetan daudenak, apalak betetzen dituztenak, saltzaileak…
Arropa dendetako saltzaileak.
Hoteletako langileak.    
Hezkuntza.
Erizaintza.
Farmazia.
Podologia.
Emaginak.
Bulegariak.
Administratiboak.