“Zaintza pertsona ezagutzea da”

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko mar. 8a, 17:42

Asun Berjera Zelaia.

Aurtengo greba feministaren deialdian bizitza erdigunean jartzeko helburua du, baina zaintzari lehentasuna emanez, lan horiek ikusaraziz eta euren falta agerian utziz. Asun Berjera Zelaiak zaintza lana zer den bertatik bertara ezagutzen du: Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean etxez etxeko zerbitzua ematen lan egiten du gaur egun eta Aita Barandiaran adinduen egoitzan beste 11 urtez lan egin zuen.

Zer da zaintza zuretako?
Zaintza pertsona ezagutzea da. Nik bi aldeak ditut: egoitzan lan egin dudala eta, orain, etxez etxe. Nahiago dut etxean zaintzea, pertsona bere tokian ikusten duzu. Normalean, kasu gehienetan, etxeetan zaintzen andreak daude. Berdin da zer den, helduak, haurrak…

Zaintzak emakume aurpegia du. Zergatik?
Hori ikasi dugulako, edo kulturala delako.

Eta zure etxez etxeko esperientzian zaintzan ikusi duzuna…
Andreak. Gizonezkorik ez.

Adinduei erreparatuta, gaur egungo zaintza sistema publikoak zer eskaintzen du?
Nik uste dut hasieran jendeak ez dakiela zer nahi duen. Etxean ito egiten zara: “nire aitarekin edo amarekin laguntza behar dut, gaizki jarri da”. Hara joaten zara eta zer behar duen ikusten duzu. Lehendabiziko, bera nola dagoen entzuten duzu. Eta gero etxe horretara lan egitera sartzen zara.

Balorazio bat dago, ezta?
Hori gizarte langileak egiten du. Berarekin joaten gara eta hasten gara.

Baloratu du etxez etxeko zerbitzua eman behar dela etxe horretan. Zenbat zaudete etxez etxeko lanean?
Bosten artean lau lanaldi oso betetzen ditugu. Nik lanaldi erdia eskatuta dut eta beste kide batekin osatzen dugu lanaldi bat.

Etxeetan zein lan egiten dituzue?
Normalean, dutxak, ohetik mugitu, garbitu, agian gosaria eman, beste batzuetan erosketak egitea, berarekin medikuarengana joatea…

Etxe bakoitzean denbora asko egoten zarete?
Ez. Pentsa, normalean, goiz guztian zazpi pertsonarengana joaten gara. Zazpi ordu eta hogei minutuko lanaldia daukagu.

Gainera, batetik bestera mugitu behar duzue!
Gu Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian aritzen gara.

Nahikoa da?
Nik uste dut ezetz. Batzuek, agian, ez dute eskatzen pentsatzen dutelako… Batzuetan eskatzen duzu itota zaudenean edo… ez molestatzeagatik… mundu bat dago. Gerta daiteke osasun etxetik esatea: uste dugu pertsona honek zerbait behar duela. Ez bakarrik gizarte zerbitzuetara joaten direnak. Aldamenekoek ere: bakarrik bizi da eta, jo, nik ez dut ikusten… Alde pila batetik informazioa iristen da gizarte zerbitzuetara eta han balorazioa egiten da.

Zaintza sistema publikoaren beste eskaintza bat adinduen egoitzak dira. Horretarako ere zuenetik pasa behar da?
Dependentzia balorazio bat eskatu behar da. Eta gero, plaza behar da. Eta itxaron zerrenda dago. Hemen bi zerrenda daude: Altsasuko Aita Barandiaran egoitzakoa eta Nafarroako Gobernuarena. Finantziazioarengatik da hori. Altsasuko Udalak herrikoendako plaza batzuk ditu eta gainerakoak gobernuarekin kontzertatuta daude. Horregatik, gerta daiteke altsasuar bat Lizarran edo beste egoitza batean egotea. Norbait hiltzen bada eta plaza hori Nafarroako Gobernuarena bada, gobernuak esaten du nor sartzen den, bere zerrenda duelako. Izan daiteke gure zerrendan dagoena, kasualitatez,  gobernuaren zerrendan goian egotea. Baina, normalean, hori ez da gertatzen, Nafarroa guztikoa delako zerrenda. Balorazioaz aparte, zerrendan zenbat denbora egon den zain eta abar hartzen da kontuan.

Eguneko zentroak.
Iruñean gehiago daude. Hemen Josefina Arregi klinika psikogeriatrikokoa dago eta, uste dut, momentu honetan itxaron zerrenda dagoela. Jende asko sartzen ari da.

Etxean zaintza lanak egiteko diru-laguntzak badaude?
Bai. Dependentzia balorazioa baldin baduzu, diru-laguntza bat daukazu. Nafarroako Gobernua oraintxe bertan diru-laguntza bat ematen hasi da. Baina kontratatuak titulua izan behar du. Oso kontu berria da.

Zein titulu?
Arreta soziosanitarioa. Guk orain dela urte batzuk daukagu. Europako eskaera da. Hasieran plaza gutxi zeuden. Ez dakit nola esan, muga bat zegoen. Urtea, data iritsi da eta jende asko dago titulaziorik gabe. Guk behintzat gure lanean badaukagu. Badakit batzuei, Iruñean egoitzan edo, esan dietela: atera eta gero, berriz, kontratatuko zaitugu. Dena dago, pixka bat kili kolo. Eskatzen zuten eta titulua lortzerik ez zegoen.

Aipatu ditugun guztiak nahikoa dira zaintza publikoa behar bezala eskaintzeko?
Ez. Populazioa zahartzen ari da eta, ez. Guztia errepasatu behar da.

Dirua duenak arlo pribatura jo dezake. Hor zein panorama dago?
Ez dakit. Ez dut ezagutzen, beti publikoan lan egin dut. Uste dut langileek ez dutela gu bezala kobratuko. Uste dut horrela izanen dela. Pribatuan dirua atera behar duzu. Publikoan ez. Publikoan diru hau duzu eta hori banatu behar duzu.

Zaintza arloan ari zaretenen lan baldintzak nolakoak dira?
Soldata murriztu ziguten. Bai, aurten pixka bat igo digute. Krisia hasi zenetik diru pila galdu dugu, soldataren % 11. LABetik aste honetan eman digute taula.

Altsasuko egoitzetakoekin harremanik izan duzue?
Izan dugu. Badakit borrokan egon direla orain dela urte batzuk Josefina Arregi klinikan. Ez dakit orain nola dauden. Aita Barandiaranen une honetan, bai: lan karga handia daukate eta ez dira ailegatzen. Pentsa orain gehiago bizi garela, eta nola iristen gara azken urteetara? Laguntza gehiago behar duzu. Gu etxeetara, batzuetan, bi pertsona joaten gara. Denetarik dugu. Agian etxe batera joaten zara eta pertsona bakarrik mugi dezakezu. Moldatzen zara. Baina beste batzuekin, ez. Gero zu etxeetara sartzen zara eta ez duzu garabirik, gurpildun aulkirik… Gero, badakizu, hemengo pisu batzuk oso txikiak dira. Ateak estuak dira, gurpildun aulkia ezin duzu komunera sartu. Etxe batzuk ez dira irisgarriak. Zuk pertsona bat joateko laguntza duzu. Baina, hasieran, joan eta esaiozu obra bat egin behar duela. Pentsa! Behar duzu denbora, behar duzu… Zaintza erraztu egin behar da. Baina hori ezin da egun batetik bestera egin. Horregatik esaten dugu gu, langile guztiak, denok batera lan egiten dugula, helburu batzuekin.

Ikuspegi globalarekin ari zarete lanean?
Bai. Etxez etxeko langileak, gizarte langileak eta osasun etxekoak. Hiruren artean zaintzen dugu pertsona.

Jendeak gero eta gehiago etxean egon nahi du.
Nik uste dut gero eta gehiago behar dela. Josefina Arregi klinika orain topera dago. Jende asko ari da joaten. Etxean egoteko, batzuetan behar duzu pertsona hori egoitza batera eraman, zuk gero zaintzan jarraitu ahal izateko. Alzheimer edo duen pertsona bat… azkenean da egun osoa berarekin egotea. Gogorra buruarendako, eta gorputzarendako. Halako zentro batera ordu batzuk eramatea zuretako errazagoa, eramangarriagoa da.

Zaintzailea zaindu egin behar da.
Hori da, zuk urte gehiago eutsi ahal izateko.

Kontratatuta zaintza lanean zenbat jende dagoen badakigu?
Asko. Nik ezagutzen ditudan guztiak emakumezkoak dira. Kontratuak egiteko diru-laguntza jende guztiarengana iristen den ez dakit. Ez dakit eskaera guztiak betetzen duen.

Administrazioarekin tramiteak egiten ditugunean dena oso mantso joaten dela iruditzen zaigu. Tramiteak bukatu gabe ere laguntza eskatzaileak hil dira.
Bai. Edo egoitzara joateko eskaera egin eta ez da ailegatu, hil da. Holakoak izan ditugu.

Gertatzen da jendeak zaintza lanetarako pertsona bat kontratatu nahiko lukeela, baina bere ekonomia-baldintzek ez diotela uzten.
Izan daiteke pertsona horrek Nafarroako Gobernuaren baloraziorik ez izatea eta diru-laguntzarik ez izatea: moldatzen da! Eta zuk esaten duzu: behar duela! Eta ez du dirurik norbait kontratatzeko. Izan daiteke, bai.

Zaintza lanetarako kontratazioak egin behar dutenei gizarte zerbitzuetatik jakinarazten zaie zein diren pagatu beharreko soldatak?
Bai.

Kasu egiten dizuete?
Hori ez dakit. Ez dut galdetzen. Suposatzen dut ordainduko dutela. Kontratua egiteko soldata eta dena jarri behar dituzu gainera.

Etxeetan zaintza lanak egiten dituztenak, emakumeak eta etorkinak dira.
Bai.

Denak?
Etxe barneko zaintzailea badira, bai.

Zer da etxe barneko zaintzailea izatea?
Igande gauean sartzen dira eta larunbat goizean etxe horretatik ateratzen dira. Han bizi dira, familiarekin. Horrek suposatzen du gauean hots egin badizute esnatzen direla eta joaten direla zer gertatzen den ikustera. Egun osoa ari dira lanean. Atsedena? Denetarik izanen da, nagusien arabera.

Zaintzaileak lan baimenik ez badu, zer gertatzen da?
Ez dakigu.

Mugimendu feministak saretzea aipatu zuen joan den urtean. Pausorik eman da?
Ez dakit. Oso zaila da. Orain dela gutxi kasu baten berri izan genuen: lan ikuskaritza agertu zen etxean. Familia horrek ez zeukan dirurik eta andreak etxetik joan behar izan zuen. Izan daiteke, dirurik ez izatea eta horrela egin beharra ere. Iruñean bizi bazara eta herri txiki batean bizi den eta laguntza behar duen ama bat baduzu eta… Urdiainen, halako aldapak… Edo alarguna, ez duzu diru  asko. Mundu horretan egoera asko daude. Ezinda esan: “bakarrik horrela, hala eta hola. Eta ez bazara hemen sartzen, beno, sartuko zara bestean”. Ezetz!!! Mundu bat da!

Dauden egoera guztietarako administrazioa ez da nahikoa malgua.
Horixe!

Gerta daiteke zure senidea zaintzen ari den emakumezko etorkin horrek goi mailako ikasketak izatea.
Bai.

Eta bere familiarekin sorterrian zer gertatzen ari den ez dakigu.
Bai. Ni etxe batean hogeita gutxi urteko neska batekin topo egin nuen. Utzi du bere herrian urte bat ez duen seme bat. Eta hona etorri zen. Ze pena! Argazkiak erakutsi zizkidan. Eta esaten zidan semea hain txikia izanda ez zuela ezagutzen. Aitarekin utzi zuen. Nikaraguarra.

Bazekien zaintza egitera heldu zela eta etxe barruko zaintzaile izanen zela?  
Bai. Eta oso gogorra, esaten duzu: ostras!

Zaintzen duten pertsona hiltzean lanik gabe gelditzen dira. Langabezia kobratzen dute?
Kontratua ez baldin badute, nik uste dut ezetz. Ez dakit nola izanen den, ez dut sekula galdetu.

Eta lanik gabe gelditzean?
Gizarte zerbitzuetan zerrenda bat dugu. Familiek bakarren bat ezagutzen duten galdetzen badigute zerrenda hori ematen diegu. Esperientziaren berri ematen dute. Guk ezin dugu esan: “ezagutzen dut bat”. Familiek hots egiten dute.

Etxe barruko zaintzaileak gaixotu daitezke. Halakoetan zer gertatzen da?
Bai. Familia ardura hartzera.

Zaintzan aritzen zaretenen lan gaixotasun profesionalak onartuta daude?
Lantzen ari gara. Ikastaroak egin ditugu berriro ikasteko. Baina azkenean lanean hartutako bizioak oso txarrak dira. Nik nire esperientziagatik ikusten dut urteak pasata ez zaudela gazte bat bezala, indar gehiago dutela. Hori kontutan izan behar duzu, pertsonak lasaiago mugitu behar dituzu.

Zuek zaintzaileek zaindu beharko zaituztete orduan?
Jakina! Bizkarra eta denetarik daukagu… Aita Barandiaran egoitzan une honetan baja kopuru oso altua dago. Guk batzuetan ere izan dugu; izan daiteke zerbait egin zarela.

Emakumezko zaintzaileak gainontzeko langileak bezala kontsideratuak zaudete?
Badakite zer lan egiten dugun. Esaten dute gure lana oso gogorra dela.

Hori erabiltzaileen familiek dakite.
Baita. Ez bazaizu tokatu, ez. Jende guztiak dauka ama, edo aita, edo osaba…  Herri hau zahartzen ari da. Batzuek oraindik ez dakite, bai. Eta zaintzaileak neskak direla, baita. Gogoak ditugu zaintzan mutilak hasteko. Nik uste dut gure lanak kontsiderazio ona duela.

Eta etxe barneko zaintzaileak, jendeak nola ikusten ditu?
Denetarik. Lan ona egiten dute. Denetarako konponbidea dira. Pentsa, hor egun osoa ari dira. Zuk zure etxean hiru pertsona izateko dirurik baduzu? Goizean, arratsaldez eta gauean? Diru hori baduzu? Ez daukazu. Eta etxe guztietan ere ez. Eta etxe barruko zaintzaileek lan hori egite dute: hiru pertsonen lana.

Aitortza handiagoa beharko lukete, ezta?
Nik uste dut baietz.

Zaintza erdigunean jarrita, mugimendu feministak asmatu du?
Bai. Baina ea jende guztiari ailegatzen zaion. Hau zabaltzea, andre batek zein lan egiten duen ikus dadin.

Zuek gaur greba egiten baduzue…
Zaindutako pertsonaz familiak arduratuko dira, bai.  

Zaintza lanetan greba egitea zaila izaten da, ezta?
Bai. Baina behar da zein lan egiten dugun ikusteko. Eta pentsa etxean daudenak egiten dutela. Kaosa! Zure ama ez da ohetik mugituko, ez du bazkalduko…