Aurreneko Xabierraldia bihar eginen da

Guaixe 2019ko mar. 9a, 09:47
Erromesak Xabierko gazteluko zelaian egiten den mezan.

Xabierko gaztelua helmuga duten bi erromesaldi handienak igandean eta hilaren 16an izanen dira. Aurtengoa Xabierraldien 79. edizioa da eta Bidaliak leloa du.

Bidean jarri eta Zangozarako bidea hartuko dute milaka erromesek gaur eta bihar. Batzuk euren herrietatik oinez abiatuko dira, Iruñerritik besteak, edo ibilgailuetan asko ere, baina guztiek helmuga bera dutela Xabierko gaztelua. Aurtengo aurreneko Xabierraldia igandean izanen da. Fededun askok bezperan eginen dute bidea. Zangozatik gurutze bidea 08:00etan abiatuko da igandean. Fededunak Xabierrera arteko bidea oinez eginen dute eta gazteluko zelaian, 10:00etan, meza izanen da.

Grazia bederatziurrena ospatzen ari dira kristauak eta Xabierraldiez aparte, Xabierko gazteluak Nafarroako eskualdeetako fededunen erromesaldiak ere hartzen dituzte. Sakana hartzen duen Mendialde eskualdetik asteartean Xabierrera joan ziren. Hainbat sakandarrek Xabierko bidea heldu den larunbatean hartuko dute. Bigarren Xabierraldiko gurutze bidea 15:00etan abiatuko da Zangozatik Xabierrantz, han meza 17:00etan hasiko da.

Xabierko Frantziskoren etxea helmuga duten erromesaldiak Bidaliak leloa dute aurten. Francisco Aita Santuak lastaila Misiolarien Ezohiko Hilabetea izendatu du eta horrekin bat egin nahi du leloak, Francisco Perez Gonzalez artzapezpikuak esan duenez, “ebanjelioaren berri ona zabaltzeko ardurari bultzada berri bat emateko”. Eta, gaineratu du: “Jesusek erakarriak izatea, harekin topatzea,  harengan alaitasunez bizitzea, ezinbestean misiolari bihurtzen gaitu. Bataiatutako bakoitzaren fedearen bihotzean baitago misiolari izatea”.  Horrela sentitzeko ebanjelioaren bidea hartzera deitu du artzapezpikuak.