Eibarko puntua Irribarria eta Zabaletarendako

Guaixe 2019ko mar. 11a, 10:26
Argazkia: Mikel Askasibar.

Etxarrengo atzelaria ikusgarri aritu zen eta oso fidagarri aritu zen Irribarriarekin batera 16 eta 22 irabazi zieten Altunari eta Martijari

Astebeteko atsedenaldiaren ondoren Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako ligaxkari ekin zitzaion asteburuan. Atzo Eibarko Astelena pilotalekuak Altuna-Martijaren eta Irribarria-Zabaletaren arteko lehia hartu zuen. Katedrak lehia gogorra espero zuen eta lau pilotariek ez zuten huts egin.

Hasieran paretsu ibili ziren bi bikoak. Irribarria eta Zabaleta alde txikia ateratzen hasi ziren, 2 eta 5, baina 7 eta 8 eta 9 eta 10 gerturatu ziren Altuna eta Martija. Atzeko koadroetan bikain aritu ziren arakildarrak, Zabaleta eta Martija, eta aurrean ere sasoian zeuden Irribarria eta Altuna. Partidak aurrera egin ahala Irribarriak eta Zabaletak indarra galdu oteko zuten espero zuten Altunak eta Martijak, baina ez zen hori gertatu. Are gehiago, Zabaletak gora egin zuen. Gustuko pilota batekin Zabaletak mina egin zion Martijari, Zabaletak gehiago dominatu zuen eta gutxika aldea ateratzen hasi ziren. Irribarria ez zen Altunarekin gehiegi endredatu eta, azkenean 16 eta 22 irabazi zuten Irribarriak eta Zabaletak, euren lehen puntua lortuta. Finalerako hautagai handiak direla erakutsi zuten. Bezperan, Labriten, Elezkano II.ak eta Rezustak 12 tantotan utzi zituzten Victor eta Albisu.

Binakako finalerdietarako 2. jardunaldian, larunbatean, Labriten, lehen jardunaldiko galtzaileak lehiatuko dira: Altunak eta Martijak Victor eta Albisu izango dituzte aurkari (17:45ean, ETB1). Hurrengo egunean, Bilbon, lehen jardunaldiko irabazleak ariko dira, Irribarria eta Zabaleta Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra (17:45, ETB1). Jokoan dauden puntuak ezinbestekoak dira eta emozioa pil-pilean dago.