Erregionaleko igoera fasea: Lagun Arteak irabazi eta Altsasuk galdu

Guaixe 2019ko mar. 11a, 13:15
Altsasuk azken minututan galdu egin zuen.

Erregional Fasea. A multzoa: Universidad Navarra 2 – Lagun Artea 3 / Altsasu 0 – Ardoi B 2

Erregional mailako liga erregularra despedituta, igoera faseari ekin diote asteburuan gure bi taldeek. Iruñean aritu zen Lakuntzako Lagun Artea, Universidad de Navarra taldearen kontra. Bi taldeak igotzeko faboritoen artean daude eta hori nabaritu egin zen, partida oso lehiatua izan baitzen. Lagun Arteak hobe ekin zion partidari eta atsedenaldia baino lehen Davilak eta Unaik 0 eta 2 aurreratu zuten Lagun Artea. Bigarren zatian partidan sartu ziren Universidad de Navarrakoak eta lehen gola sartu zuten. Unaik Lagun Artearen hirugarren gola egin zuen 73. minutuan eta nahiz eta 88. minutuan Universidad de Navarrakoak 2 eta 3 gerturatu, markagailua ez zen gehiago mugitu eta hiru puntuak Lakuntzara etorri ziren.

Dantzalekun, Altsasuk ezin izan zuen igoera fasea garaipenarekin hasi. Ardoi taldearen kontra aritu ziren altsasuarrak eta bi taldeak parez-pare ibili ziren. Partida berdinketarekin bukatuko zela zirudienean, 84. minutuan Jonek Ardoiren lehen gola sartu zuen eta 89. minutuan bigarrena egin zuen Vuenavidak. Horrela, punturik gabe geratu zen Altsasu.

Derbia Lakuntzan
Erregionaleko igoera faseko A multzoko liderra Lagunak B taldea da (3 puntu). Lagun Artea hirugarrena da, puntu berberekin, eta Altsasu 7.a da, punturik gabe. Asteburuan Lagun Artearen eta Altsasuren arteko derbia jokatuko da Lakuntzako Zelai Berrin.

Jubenilen derbia Lagun Artearendako
Jubenilen 2. mailako igoera fasea asteburuan hasi zen. Lagun Arteak eta Altsasuk derbia jokatu zuten Lakuntzako Itxesalde zelaian eta lakuntzarrak izan ziren nagusi, 4 eta 2 irabazi baitzioten Altsasuri. Horrela, jubenilen igoera faseko A multzoko lider Beriain da (3 puntu), Lagun Artearen aurretik (3 puntu). Altsasu laugarrena da, punturik gabe. Asteburuan Altsasuk Doneztebe hartuko du Dantzalekun eta Beriainen kontra ariko da Lagun Artea.