Gorka Izagirrek Paris-Niza utzi behar izan du

Guaixe 2019ko mar. 12a, 12:40
Argazkia: Getty Sport.

Erorikoa izan zuen eta proba utzi behar izan zuen

Paris-Nizako bigarren etapan proba utzi behar izan zuen aurten Astana taldean dabilen Gorka Izagirrek. Ziordian bizi den ormaiztegiarrak erorikoa izan zuen asteleheneko etapako 59. kilometroan. Ospitalera eraman zuten eta ezkerreko ukondoan, saihetsetan eta ezkerreko aldakan kolpeak dituela ikusi ahal izan zuten. Zorionez ez dago hausturarik baina Izagirrek atseden hartu beharko du. Aurtengo Paris-Niza oso nahasia ari da izaten haizearengatik, haizearen eraginez sortutako abanikoengatik, gurpil-zulaketengatik, erritmo altuengatik, urduritasunengatik eta erorikoengatik.

Movistar Team taldeko Imanol Erbitik 49. postuan bukatu zuen bigarren etapa eta sailkapenean 39.a da. Jumbo taldeko Dylan Groenewegen da liderra.

Afizionatuak: Aramendia 43.a Goierriko Itzulian
Asteburuan afizionatuen 23 urtez azpiko Lehendakari Txapelketarako baliagarria den lehen lasterketa jokatu zen, Goierriko Itzulia. Goierriko TB-Laboral Kutxako Mikel Paredesek irabazi zuen proba (2:47:18). Bere taldekide Eneko Aramendia iturmendiarra 43.a sailkatu zen, 29 segundora eta Rural Kutxan dabilen Josu Etxeberria iturmendiarra 46.a, 1:48ra. Ailetz Lasa ziordiarra (Goierriko TB-Laboral Kutxa) 69.a iritsi zen, Alex Uncilla (Telcom 84.a eta Iker Cerviño (Telcom) 86.a.