Ate joka dauden Altsasuko eta Arbizuko Duatloietarako izena emateko azken egunak

Guaixe 2019ko mar. 13a, 12:04

Altsasuko Duatloirako izena ematea martxoaren 18an despeditzen da eta Arbizuko Duatloirako izena ematea martxoaren 25ean

Asteburu barru, martxoaren 23an, IX. Altsasuko Copreci Duatloia jokatuko da, Sakana Triatloi Taldeak hainbat babesleren laguntzarekin antolatutako proba. Goizeko 10:30ean kategoria txikikoen probak jokatuko dira, Nafar Kirol Jolasetarako (NKJ) baliagarriak, eta arratsaldean, aldiz, nagusien txanda izango da, sprint distantziako proban: emakumezkoak 15:45ean abiatuko dira Foru Plazatik, gizonezkoak 15:51ean eta erreleboak 15:52ean (5 km korrika, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrika).

Altsasuko Duatloian izena emateko azken egunak dira hauek. Izena ematea Nafarroako Triatloi Federazioko web gunean egin behar da 
(www.navarratriatlon.com/triatlon/competiciones.aspx) martxoaren 18ko 23:59ak arte. Federatuek 22 euro eta federatu gabekoek 26 euro ordaindu beharko dituzte. NKJ-etarako baliagarriak diren kategoria txikiko probetan aritzeko izena ematea toki eta epe berberean egin behar da, baina kasu honetan izena ematea dohainik da.

Altsasuko Duatloia jokatu eta aste batera, martxoaren 30ean, 16:00etan, XXII. Arbizuko Duatloia jokatuko da, Arbizuko Udalak hainbat babeslerekin antolatutakoa. Herri lanak direla eta, aurten ibilbidean aldaketak izango dira eta proba sprint distantzian jokatuko da (5,6 km korrikan, 24 km bizikletan eta 2,8 km korrikan). Izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioko web gunean, martxoaren 25eko 23:59ak arte. Federatuek izena ematea martxoaren 18a baino lehen egiten badute 15 euro ordaindu beharko dute, eta 18tik aurrera, aldiz, 20 euro. Federatu gabekoek martxoaren 18a baino lehen inskripzioa egiten badute 20 euro ordaindu beharko dituzte eta 18tik aurrera, aldiz, 25 euro.