Martija: “Bi hilabete daramatzagu hil hala biziko partidak jokatzen”

Guaixe 2019ko mar. 14a, 09:42

Binakako finalerdietako 2. jardunaldiko larunbateko partidarako materiala aukeratu zuten atzo Labriten Julen Martijak, Altunak, Victorrek eta Albisuk. Gaur Irribarria-Zabaletak eta Elezkano II.a-Rezustak aukeratuko dituzte igandeko partidarako pilotak Bilbon, 11:30ean

Atzo Binakako finalerdietarako 2. jardunaldiko partidarako material aukeraketa egin zuten Julen Martija etxeberriarrak, Jokin Altunak, Victorrek eta Jon Ander Albisuk Iruñeko Labriten. Partida larunbatean jokatuko da Bomboneran, eta ikusmina handia da. Bi bikoek lehen jardunaldiko partidak galdu zituzten eta, hortaz, jokoan dagoen puntuak balio itzela du: irabazten duen bikoteak finalerako sailkatzeko borrokan jarraituko du, baina galtzen duena aukerarik gabe geratuko da.

Materialarekin ez zen arazorik egon eta Altunak adierazi zuenez “aurkeztu dizkiguten pilota guztiak gustatu zaizkit; eurek aukeratutakoen eta guk aukeratutakoen artean ez dago ezberdintasun handirik”. Lehen jardunaldian Irribarriaren eta Zabaletaren kontra jokatutako partida ere izan zuen hizpide. “Partida aztertu dugu eta uste dugu gure arerioen potentziaren aurrean ez genuela irudi txarrik eman”. Iritzi berberekoa zen Julen Martija. “Irribarriak eta Zabaletak izugarri astindu zuten pilota eta ez zuten akatsik egin; horrela, zaila da eurak irabaztea. Baina guk tanteo ona lortu genuen, eta sentsazio onekin gaude, larunbateko partida jokatzeko gogotsu” aipatu zuen Etxeberrikoak.

Larunbatean beste final baten aurrean egongo dira Martija eta Altuna. “Larunbatekoa hil hala bizikoa da, baina ligaxkako bigarren itzuliko partidak horrela jokatu ditugu; bi hilabete daramatzagu hil hala biziko partidak jokatzen” nabarmendu zuen Julen Martijak. “Urduritasuna egongo dela kontziente gara, baina aurreko partidetan egin dugun bezala, dena ematera aterako gara” gaineratu zuen Altunak.

Aurretik partida zaila dutela onartu zuen Martijak. “Albisuk oso atzean jartzen du pilota, eta Victorrek ere asko atzeratzen du. Atzean egotea tokatuko zait, baina ongi nago eta gure aukerak izaten baditugu Jokinek aurrean asmatuko du eta ea zortea dugun eta partida ona egiten dugun”. Iritzi berekoa zen Altuna. “Lan handia egin beharko dugu larunbatean eta ezingo ditugu oparirik egin. Beraiek dominatzen dutenean guk sufritzen eta eustea jakitea, hori izango da gakoa, pilotarik ez oparitzeko”. Albisuk eroso ez jokatzea, hori izango da helburua. “Eta hasieratik ongi hasi eta ahal dela hasieratik abantaila hartzea. Izan ere, Albisuk abantaila hartzen badu, oso gustura jokatzen duelako” aipatu zuen Etxeberriko atzelariak.

Jon Ander Albisuk, bere aldetik, Jokin Altuna ekiditen eta Julen Martija erasotzen saiatuko direla nabarmendu zuen. “Jokin ekiditen eta Julen erasotzen saiatuko gara. Martija atzean egoten lortzen badugu, seinale ona izango da” adierazi zuen Ataungo atzelariak.

Irribarriak eta Zabaletak gaur egingo dute pilota aukeraketa
Lehen jardunaldiko irabazleek, Irribarria-Zabaletak eta Elezkano II.a-Rezustak, igandean jokatuko dute elkarren kontra Binakako finalerdietako 2. jardunaldiko partida, Bilbon. Pilota aukeraketa gaur egingo dute, ostegunean, goizeko 11:30ean, Bizkaia pilotalekuan. Bi bikoak finalean egoteko faboritoak dira, eta 2. tantoa lortzen duenak finalerako txartela lortuko du.