Nafarroako Herri Kirol Jokoak abian

Guaixe 2019ko mar. 14a, 14:45

Igandean jokatuko da lehen jardunaldia, Txantrean. Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako taldeek parte hartuko dute bertan. 5 jardunaldi dira guztira eta Sakanan bi jokatuko dira: martxoaren 24ko 2. jardunaldia, Etxarri Aranatzen, eta apirilaren 14ko finala, Altsasun

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin batera antolatutako Nafarroako Herri Kirol Jokoak asteburu honetan hasiko dira, Txantrean. Guztira 5 jardunaldi jokatuko dira eta horietako bi Sakanan izanen dira: martxoaren 24ko 2. jardunaldia, Etxarri Aranatzen, eta 5. jardunaldia, finala, apirilaren 14an Altsasun jokatuko dena. Ohikoa denez, Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutako taldeak lehiatuko dira Nafarroako Herri Kirol Jokoetan. Urtetik urtera gora doa parte-hartzea eta aurten 11 klub edo elkarteetatik sortutako taldeak lehiatuko dira.

Hiru kategoriatan jokatuko dira Nafarroako Herri Kirol Jokoak: kimuak (11-12 urte), haur mailakoak (13-14 urte) eta kadeteak (15-16 urte). Taldeak mistoak dira.

Proba konbinatuetan 38 talde eta sokatiran 16 talde
Parte hartze itzela izango dute aurtengo Nafarroako Herri Kirol Jokoek. Proba konbinatuetan, guztira, 38 talde lehiatuko dira eta sokatiran, guztira, 16 talde.

Kimuen mailan dago parte-hartzerik handiena. Guztira 20 talde lehiatuko dira kimuen proba konbinatuan, tartean Iñigo Aritza ikastolatik sortutako 3 talde eta Andra Mari ikastolatik sortutako 7 talde. Haiekin batera, Araxes, Berriozar, Antsoain, Artzanegi, Igantzi, BRT Menditarrak eta Basaburua-Araxes taldeetatik sortutako taldeak lehiatuko dira.

Haurren mailako proba konbinatuan, aldiz, 10 talde ariko dira, Andra Mari ikastolatik sortutako 3 talde eta Txantrea, Berriozar, Antsoain, Igantzi, BRT Menditarrak eta Basartza taldeetatik sortutako taldeak. Iñigo Aritza ez da haurren mailako konbinatuan ariko. Haurren mailako sokatiran (480 kg) 9 talde lehiatuko dira, Andra Mari ikastolako 4 talde, Iñigo Aritza ikastolako bat eta Txantrea, Berriozar eta Antsoain klubetatik sortutakoak. Bukatzeko, kadeteen mailako proba konbinatua 8 taldek jokatuko dute, Iñigo Aritza ikastolako eta Andra Mari ikastolako talde bana, Araxes, Berriozar, Antsoain, Artzanegi, BRT Menditarrak eta Basarnegi taldeekin batera. Kadeteen sokatira txapelketan (540 kg), berriz, 7 talde ariko dira, Iñigo Aritzako bat, Andra Mariko bi eta Araxes, Berriozar, Antsoain eta Basarnegi taldeetako talde bana.

Nafarroako Herri Kirol Jokoen 1. jardunaldia igandean jokatuko da, Txantreako Ezkaba plazan, goizeko 10:30etik aurrera. 2. jardunaldia Etxarri Aranatzek hartuko du martxoaren 24an, 3. jardunaldia Erratzun jokatuko da, martxoaren 31n, laugarrena Berriozarren, apirilaren 7an, eta 5. jardunaldia eta final handia Altsasun, apirilaren 14an.

Proba konbinatuei dagokienez, koxkol biltzea, zaku lasterketa, txingak, korrika eta trontza modalitateak landuko dituzte herri kirolariek, kimuen mailan izan ezik. Kimuek ez dute trontza probarik izango.