Bel Pozueta altsasuarra EH Bilduren eskaintza onartu eta koalizioaren Nafarroako kongresurako zerrenda burua izanen da apirilaren 28an. Soziologia Politikan lizentziaduna, sexologoa da Pozueta. 53 urteko altsasuarra ezagun egin da Altsasuko auziko auzipetuen gurasoen taldearen bozeramaile izan delako. Haietako bat, Adur, bere semea da, eta 12 urteko espetxe zigorra jarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Atzo arratsaldean emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, “Altsasuko auziko injustiziak borrokarako grina piztu dit”. Azaldu zuenez, “injustiziaren aurka altxatzen ikasi dut. Guri sufritzea tokatu zaigu, baina bidean ikusi dugu jende askok sufritzen dugula, Euskal Herrian, Espainian zein Europan”. Aukera “bidegabekeria guztien kontra egiteko bozgoragailutzat” hartu du altsasuarrak. Aurrean duena “erronka handia” dela gaineratu zuen, “baina badakit ez naizela bakarrik egonen. Adurrek ere aurrera egiteko esan dit”. Pozuetak esan zuenez, “Nafarren hitza Madrilera eraman behar da”.
Atzo jakinarazi zuenez, Altsasu Gurasoak taldearen bozeramaile izateari utzi dio, “errespetuagatik, giza eta politika etikagatik”. Taldeko kide izaten segituko du, “ama naizelako”. Esker oneko hitzak izan zituen gurasoendako eta adierazi zuen espero duela hartutako erabakiak ez duela eraginik izanen guraso taldeak egindako lanean.