Mugimendu feminista: “pertsonen bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte berri bat”

Guaixe 2019ko mar. 14a, 19:45

“Eraldaketa sozial eta politikorako haziak” landatu zituen greba feministarekin. Deitzaileek euren burua “alternatibak eraikitzeko eta konfrontaziorako fronte” gisa ikusten dute.

Greba feminista despeditzeko Sakanako manifestazioa Altsasun egin zen eta 4.000 bat pertsona elkartu ziren. Haren akaberan Sakanako mugimendu feministako kideek argitu zutenez, joan den urtean Euskal Herrian 7 emakumezko erail zituzten. Haietaz aparte hainbat arrazoirengatik greban emakumezko asko falta zirela gaztigatu zuten: “zuengatik gaude gaur gu hemen”.

Greba feministaren ardatzetako bat doako nahiz soldatapeko zaintza-lanak izan dira. “Zaintza-lanek eremu pribatuan, etxeetan, jarraitzen dute eta, nagusiki emakumeak arduratzen dira horietaz. Gure zaharrak zaintzeko, gainera, askotan emakume migratzaileak kontratatzen dira, esplotazio lan baldintzetan”. Mugimendu feministak “azaleko keinuak” baino, “politika feminista ausartak exijitu” zituen: zaintza-sistema publiko eta doakoa nahi dugu! Emakumeok dohainik egiten ditugun lanak sozialki berrantolatzea aldarrikatzen dugu!”

Lanaz
Bestetik, “lanaren kontzeptu patriarkal-kapitalista eraldatzea” aldarrikatu zuten. Gogorarazi zutenez, erretiro-pentsio baxuenak jasotzen dutenen artean % 80 emakumezkoak dira. Aldi berean, “kontsumoan oinarritzen den jendarte-eredua irauli nahi dugulako, Sakanako hainbat herritan bazkari autogestionatuak egin ditugu”. Emakumezko gazteek lan-baldintza prekarioak jasan eta hezkuntzaren pribatizazioaren kaltetu nagusiak direla nabarmendu zuten.

Sakanako feministek salatu zutenez, “lan merkatua oihan basatia da emakumezkoendako: langabezia, azpi enplegua, behin-behineko kontratuak, sexu jazarpena, soldata arrakala, kristalezko sabaia…” Horiek guztiak salatzeko langile mugimenduan eta sindikatuekin dituzten aliantzak nabarmendu zituzten.

Euskal Herriko balorazioa
Euskal Herriko mugimendu feministako kideek grebaz egindako balorazioan gaineratu duenez, “urrats handia eman dugu baina urrun gaude gure helburuetatik. Urrun gaude emakumezkook dohainik egiten ditugun lanak sozializatzetik. Beraz, grebak azalerazten dituen gatazketan sakontzen jarraituko dugu”. Eta gaztigatu dutenez, “Euskal Herriko erakunde nagusietan aurrera eramaten diren politikek merkatuaren etekinen menpean jarraitzen dute eta emakumezko langileon esplotazioa indartzen dute”. Gaineratu zutenez, “egun, Euskal Herrian dugun familia eredua logika patriarkalean eraikitzen da, zaintza lanak feminizatuz eta pribatizatuz, eta bereziki emakume arrazializatu nahiz migranteon esplotazioan oinarrituz”.

Mugimendutik administrazioan ardura duten politikariei eta enpresetako buruei zuzendu zaie: “ez diegu keinu sinboliko gehiagorik onartzen, gure aldarrikapenak arduraz entzun eta horiek gauzatzeko konpromisoak har ditzatela nahi dugu. Ekintza, politika eta aldaketa feminista errealak nahi ditugu, ez dugu onartuko kapitalaren edota gizon batzuen interesek jarri dezaketen inongo toperik”. Mugimendu feministak beste behin bizitzak erdigunean jarriko dituen paktu sozial berri bat eskatu du.

Mobilizazioak
Greba feminista zela eta Irurtzunen, Uharte Arakilen, Lakuntzan, Arbizun, Etxarri Aranatzen, Iturmendin, Urdiainen, Altsasun eta Ziordian kontzentrazioak egin ziren eguerdian. Jendetsuena Altsasun izan zen, 1.800 bat emakumezko elkartu zituena. Arratsaldeko eskualde manifestazioan 4.000 bat pertsona elkartu ziren.