Kulturaniztasun lezioa

Guaixe 2019ko mar. 15a, 14:37
Aurreko urteko saio bat.

Atakondoa eskola publikoak, atzera ere, kultura aniztasun zikloa antolatu du. Astero kontinente bat izanen da protagonista. Atakondoan dagoen aniztasunaz ikas komunitatea aberasteko aukera eskaintzen du.

Hurrengo bost asteetan Atakondoa eskola publikora sartzen denak argazki erakusketa batekin eginen du topo. Erakusketa astero aldatuko da, eta horrela bost kontinenteen ezaugarriak ezagutzeko aukera izanen dute ikasleek, gurasoek, irakasleek eta eskolako gainontzeko langileek. Aurreneko erakusketa atzo mustu zen eta hurrengo asteazkenera arte ikusgai izanen da. Gainera, dagokion kontinenteari lotutako menua dastatzeko aukera izanen da ikastetxeko jangelan ostegunetan. Amerikarekin hasiko dira. Gero Afrika, Asia, Ozeania eta Europaren txanda izanen da.

Kultura aniztasun zikloak ikasleen atsedenaldia ere hartuko du. Izan ere, ikasleek dagokion kontinenteko talde jolas bat ezagutzeko eta hartan jolasteko aukera izanen dute. Horretaz aparte, dagokion kontinentekoa den norbaitek, edo hari buruzko ezagutza handia duen norbait, ikasleekin bildu eta azalpenak emanen dizkie. Baina ikasleak ez dira entzutera mugatuko, galderak egiteko aukera izanen dute. Hizlariak egitekoren bat ere proposatuko die: eskulanen bat, errezetaren bat edo beste zerbait egitea. Hori ostiraletan eta astelehenetan izanen da. Hizketaldi horiek liburutegian izanen dira eta astero dagokion kontinenteari dagokion bezala girotuta egonen da. AEB, Brasil, Maroko, India edota Suitzaren berri jasoko dute horrela ikasleek.

Aurten zikloa dena aurreko bi urteetan kulturaniztasun astea zen. Aste bakar batean egunero kontinente bati eskainia izaten zen. Bego Zestau Baraibar Aniztasun Zerbitzuko teknikariak azaldu digunez, “balorazioa egiterakoan oso intentsua zela atera zen, pena zela haurrek dena ez hartzea”. Eta horregatik, astea zena ziklo bihurtu dute.