Nafarroako Gobernuak Doneztebe eta Irurtzun artean Ederbidea bizikletendako 52 km-tako ibilbidea egokitzeko lanen deialdia egin zuen herenegun. Lizitazioa 760.686,75 eurokoa da (BEZ kanpo). Haietatik Europako Batasunak 529.412,86 euro jarriko ditu. Lanak egiteko interesa dutenek euren eskaintzak apirilaren 4ko gauerdira arte egin ditzakete. Lanak 10 hilabetetan despeditu beharko dituzte.
Ogasun eta Finantza Politika Departamentuak deialdia lau lotetan banatu du. Bat seinaleztapena eta altzariak jartzeko eta gainontzeko hirurak ibilbide zatiak egokitzeko. Horietako azkena Imozko kasarnaren eta Irurtzun arteko 2,8 km-ko ibilbidea da. Pasabideak eta bizikletendako pista egiteko lanen lote horren aurrekontua 282.832,33 eurokoa da (BEZ barne). Ederbideako ibilbideak Imoztik atera eta Arakilen NA-1300 errepideari segituz eginen du aurrera. Behin Biaizpeko tunela pasata, ezkerretara, bizikletendako pista berria eginen da, mendi magalari segituz eta Irurtzungo Ardantzeta dermioan Plazaolaren bide berdearekin bat eginen du, tunelaren ahoaren ondoan. Kilometro erdi inguruko pista zati berri hori tunela hondatuta dagoelako eginen da. Ibilbide guztiko seinaleztapena, altzariak, tuneletako argiztapen eta bestelako lanetarako 101.308,12 euro (BEZ barne) bideratuko dira.
Ederbidea proiektuak Interreg Poctefa Europako programaren babesa du eta Pirinioko Lan Komunitateak kudeatzen du. Europako Batasunak % 65eko finantziazioa emanen du Federretik, Eskualde Garapenerako Europako Funtsetik. Iparralde, Gipuzkoa eta Nafarroa Eurovelon, Europako bizikleta ibilbide handian, txertatzeko egitasmoa da. Haren bidez, jasangarria den, kalitatezkoa eta ingurumenarekin errespetuzkoa den turismoa sustatu nahi dute, bai landa eremuan, bai hirietan.
Plazaola
Andoain eta Iruñea arteko Plazaola bide berdea gero eta gertuago dago ibilbidea osatzetik. Irurtzun eta Sarasa arteko lanak, mustu ez badituzte ere, eginak daude. Beraz, Itzako herritik Gipuzkoako hiriburu ondoraino bizikletan joateko bidea egokituta dago. Arakilgo Udala kide den Plazaola turismo partzuergoak du lan horien ardura. Bestalde, Sakanako Garapen Agentzia ibar guztia zeharkatuko duen bizikleta ibilbidea egiteko lanean ari da. Plazaola bide berdea, eta Ederbidea, Arabako Donejakue bidea lotuko luke ibilbide horrek.