Arduraz ekoiztutakoa, arduraz kontsumitu

Guaixe 2019ko mar. 16a, 10:19

Ardurazko elkartrukatzea sustatzen bost urte darama Errigorak, Erriberako ekoizleak eta Euskal Herriko kontsumitzaileak harremanetan jarriz. Uzta eskutik eskura kanpainan eskaera martxoaren 22ra arte egin daiteke.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren bosgarren edizioa da aurtengoa. Nafarroako Erriberako ekoizleen oliba-olio birjina, kontserbak (pikillo piperrak, zainzuriak, orburuak, barazki menestra, potxak, tomate frijitua eta kremak) eta arroz sorta konbentzionalak edo ekologikoak eskuratzeko aukera eskaintzen du ekimenak kanpaina horren bidez. Baita Errigoraren kamisetak ere. Kanpainarekin kontsumo arduratsua sustatu nahi du Errigorak, “Erriberako lehenengo sektorea eta tokiko elikagaien industria txikia bultzatzeko pausuak emanez. Eta, nola ez, euskal lurraldeen arteko harremanak elikatzen”.

Nafarroan bertan ekoiztutako produktu sorta zabala eskaintzen ditu Errigorak, baratze eta soroetatik kontserba lantegira bide motza egindakoa, eta beste bide motz bat zure eskutara iritsi arte, eskutik eskura. Horrek guztiak eragiten du berotegi efektua sortzen duen karbono isuriak murriztea, paisaia mantentzea, ekonomia bertokiratzea, auzolana elikatzea, ekoizleen, kontsumitzaileen arteko distantzia laburtzea eta biendako zuzenak diren prezioak adostea, burujabetza elikatzea, elikadura sistema gure esku izan daitezen pauso txikiak ematea eta komunitatea elikatuz. Errigoratik nabarmendu dutenez, hori ez litzateke lortuko “urruneko produktuak gure sukaldeetara ekarri eta bertako produktuak urruneko sukaldeetara eramanez”.

Eskaerak egiteko
Herria Tokia
Irurtzun Iratxo elkartea
Etxarri Aranatz Kaxeta
  Portuko
  Udaletxeko estalopea
Bakaiku Bakarrekoetxea elkartea
Iturmendi Elkartea
Urdiain Mareo
Altsasu Itsasi euskaltegia
  Portuko
  Biltoki
Olatzagutia Barandi
Ziordia Etxaleku
Sakana www.errigora.eus

Datuak
240.000 litro olio banatuta.
700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatuta.  
6.500 sukaldetara iritsi zen 2018an kanpaina.