Parlamentariek SPE bertatik bertara ezagutu dute

Nafarroako Parlamentuko Ekonomia Garapeneko Batzordekoak Sakanako Garapen Agentziako kideekin elkartu ziren, baita Adania eta Eseki enpresakoekin. Sakanaren erronka orokorren berri jaso nahi izan zuten.

Sakanako Garapen Agentziako (SGA) ordezkariak Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten taldeekin elkartu ziren urte hasieran. Bilera haietan Sakanako Plan Estrategikoaren (SPE) orain arteko balorazioa eta hura berraztertzeko zabalik dagoen prozesuaren berri eman zieten. Plana onartu zenean ere halako bisitak egin zituzten ibarreko eragileek. Urte hasieran egindako bisita horietatik sortu zen Nafarroako Parlamentuko Ekonomia Garapenerako Batzordea Sakanan biltzeko aukera.

Batzordekide diren Carmen Segura (UPN), Rafael Eraso (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu Nafarroa) eta Guzman Garmendia (PSN) Utzugane, Sakanako Garapen Gunera herenegun etorri ziren. SGAko langileek eta Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz Alonsok egin zieten harrera. Azken horrek planaren eta berrikuspen prozesuaren nondik norakoak labur azaldu zizkien. Orain arte egindakoaz ibarrean balorazio ona egiten dela azaldu eta aurrera begirako erronkei erreparatu zieten. Sakanan identifikatutako erronkak zein diren azaldu, horiek lortzeko bideak azaldu eta lan ildoen berri eman zieten parlamentariei. Mahai inguruan haien ekarpenak, batez ere, digitalizazioaren arloan izan ziren. SGA eta Sakanako zenbait enpresa sustatzen ari diren DINABIDE proiektuaren beharra eta egokitasuna ere aitortu zuten (Inasa zenaren bulegoan digitalizaziora begirako zentroa eginen da).

Lekukotzak
Ibarreko ordezkariek ez zuten nahi erakundeen ahotsa entzuna izatea soilik. Horregatik, SPE indarrean dagoenetik harekin bat egin duen Talleres Arania enpresako kide bat izan zen bileran. Sakanako ekoizpen sarearen eredu izan daitekeen enpresako ordezkariak SPEri buruz zuen iritzia parlamentariei eman zien. Bere esperientziaren berri eman eta aurrera begira dituzten erronka nagusiak azaldu zizkien: digitalizazioa eta trebatutako eskulana, besteak beste.

Utzuganetik Lizarragara joan ziren guztiak. Han kontzejuak sustatutako argindar mikrosarea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten parlamentariek. Eseki enpresako kide batek han bertan parlamentariei azalpenak eman zizkien. Ez soilik mikrosareaz, baita ibarreko lau enpresak eta CENER ikerketa zentroaren artean garatzen ari diren e-HIERA proiektu estrategikoaren inguruan ere.

Hurrengo pausoak
SGAko Iker Manterolak azaldu digunez, parlamentariek egindako ekarpenak SPE berrikusteko idatzian gehituko dituzte. Txosten hori Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiaren hurrengo bileran aurkeztuko dute. Han oniritzia jasoz gero, dokumentua Nafarroako Gobernuaren Ekonomia Garapen Departamentuko buruei aurkeztuko liekete. Hori guztia Aste Santuaren aurretik egitea nahiko lukete.