Arbizuko Zumbathoirako prest?

Guaixe 2019ko mar. 15a, 14:39

Igandean goizeko 11:00etan abiatuko da III. Arbizuko Zumbathon solidarioa, Perthesa duten familien elkartearen (Asfape) aldekoa. Ordu bat lehenago, goizeko 10:00etan, Arbizuko haur lasterketa solidarioa antolatu dute

Aurten ere Zumbathon solidarioa izango da Arbizun. Iganderako, martxoaren 17rako antolatu dute. Kirol ekitaldia goizeko 11:00etan hasiko da Arbizuko kiroldegian, eta aurten Perthesa duten familien elkartearen (Asfape) aldeko ekimena izango da. Lehenengo edizioa esklerosi anitza daukan emakume bati laguntzeko egin zen eta bigarrena bularreko minbizia duten emakumeak biltzen dituen Saray erakundearendako.

Hiart Leitzak eta Anabel Arraizak aurkeztuko dute ekitaldia eta Carolina, Ainhoa, Maria, Itziar eta Mayra monitoreek prestatutako koreografiei jarraiki zumban aritzeko aukera izango dute izena ematen dutenek, primerako giroan. Ainara eta Charles ere gonbidatuak izango dira ekitaldira. Bitartean, zozketak izango dira: Ezkurdia eta Irujo pilotarien kamisetak –aurreikusten da Irujo bera Arbizura hurbilduko dela bere kamiseta ematera…– Xota eta Lagun Artea taldeen kamisetak, Osasunako produktuak, hainbat produkturen loteak... eta abar. 



umbathoian parte hartuko dutenek 5 euro ordainduko dituzte eta ikusleek 2 euro.

Aurretik, goizeko 10:00etan,  Arbizuko haur lasterketa solidarioa

Arbizuko Zumbathoia hasi aurretik, Arbizuko haur lasterketa solidarioa antolatu dute, goizeko 10:00etan. 1,2 km-ko proba herrikoia izango da, kiroldegian hasi eta despedituko dena, Perthesa duten familien elkartearen aldekoa eta “Zure izenean korrika” lelopean jokatuko dena. Izan ere, Perthes gaitza duten umeek korrika aritzeko debekua dute, eta horregatik, lasterketa honetan adin guztietako korrikalariek dortsalean perthesdun umeen izenak eramango dituzte, haien ordez modu sinbolikoan korrika egiteko. Dortsalak 3 euroko balioa du eta dortsal hau zumbathoian sartzeko eta zozketetan parte hartzeko baliagarria izango da. Ondoren, argazkiak egingo dituzte eta Perthes gaitza duten ume horiei bidaliko zaizkie argazkiak. Dortsal salmenta egiten goizeko 9:30ean hasiko dira.



Jasotako guztia Asfape elkartearendako

Arbizuko lasterketa solidarioan eta zumbatoian jasotzen dena Asfape elkartera bideratuko da. Asfapek Perthes gaitza duten familiak biltzen ditu. Elkartean bi familia sakandar ere badaude, Oihaneren eta Oihanen familiak, eta ilusio handiz hartu dute Arbizuko Zumbathoi solidarioaren ekimena. 

”Arbizuko zumba taldekoek Zumbathon solidarioa Asfaperen alde egiteko proposamena egin zigutenean berehala eman genuen baiezkoa. Oso gustura ari gara antolatzen ekimena, elkarlanean. Gainera, Iruñeko Geltokin Perhes gaitzaren inguruko eta aurreko zumbatoien inguruko argazki erakusketa ere egin genuen” adierazi zuen aurreko asteko Guaixeko 11 Galderetan Estitxu Ruizek, Perthes gaixotasuna duen Oihaneren amak.

Perthes gaixotasuna, Legg-Calvé-Perthes izenaz ere ezaguna da. Bigarren izen hori, hiru medikuk hiru leku desberdinetan emandako izenari erreferentzia egiten diote. 1910. urtean eman zioten izena hiru medikuek. “Finean, odol arazo bat da. Hezurrarekin lotuta dago, baina jatorria odolarena da. Momentu batean odol jarioa eten egiten da eta izterrezurraren burura ez da iristen. Horren ondorioz, bertako zelulak hiltzen dira, nekrosi bat gertatzen da, eta, beraz, higadura bat. Ez dakite ongi zerk sortzen duen” azaldu zuen Estitxu Ruizek. “Zelulak hil egiten dira eta hezurra hausten da. Azkenean hezurrek bizitza dutenez berriz odol jarioa hasten da eta hezurra bere kabuz birsortzen da” gaineratu zuen Irantzu Osinagak, Oihanen amak.

Gaixotasun hau jasaten duten haurrei izterrezurraren burura uneren batean odol jarioa ez zaie iristen eta hortaz, hezur horretako zelulak hil egiten dira, horren ondorioz higadura gertatzen da. Hiru urte eta hamalau urte bitartean diagnostikatzen da, eta mutikoetan ohikoagoa izaten da. Higadura hori gertatzen denean, zonalde hori sendatzeko aukera dago, zelula berriak sor daitezke, baina oso ongi zaindu eta behatu behar da aldakan ahalik eta eragin gutxien sortzeko.