Zabaleta finalean eta Martija aukerekin

Guaixe 2019ko mar. 18a, 11:46

Irribarriak eta Zabaletak Binakako finalerako txartela lortu dute, atzo Elezkanori eta Rezustari 12 eta 22 irabazi eta gero. Altunak eta Martijak Victor eta Albisu hartu zituzten mendean eta Elezkanoren eta Rezustaren kontrako partidan erabakiko da bi bikoetatik nor sailkatzen den finalerako

Apirilaren 7an jokatuko den Binakako Pilota Txapelketako finala jokatuko duen bikoteetako bat Irribarria eta Zabaleta izango dela erabaki zen atzo Bilbon. Binakako finalerdietako lehen jardunaldian garaileak izan ziren bi bikoak lehiatu ziren Bizkaia pilotalekuan: Elezkano II.a-Rezusta eta Irribarria-Zabaleta. Katedrak lehia estua eta borroka itzela espero zuen, baina Irribarria eta Zabaleta nagusitasun handiz gailendu ziren. Izugarri jo zuen bikoak, partidan alde handiz agindu zuten eta aukerarik ñimiñoena zutenean, tantoa egitea lortu zuten. Ikusgarria izan zen Jose Javier Zabaletaren jotzeko modua. Bikain aritu zen Etxarrengo atzelaria. Hasieran ongi eutsi zion Rezustak, baina gutxika agintea lortu zuen Zabaletak eta izugarri jotzeaz gain, defentsan ere lan ikusgarria egin zuen. Irribarria txisparekin aritu zen eta tantoak bukatzen maisu izan zen. Horrela, 12 eta 22 irabazita, Binakako final handirako sailkatu dira Irribarria eta Martija.

Larunbatean Labriten jokatutako partida, aldiz, askoz ere estuagoa izan zen. Lehen jardunaldiko galtzaileak aritu ziren elkarren kontra, Altuna III.a-Martija eta Victor-Albisu. Bihotzekoa emateko moduko partida izan zen: bi bikoak parez-pare aritu ziren eta berdintasuna, hori izan zen partidaren ezaugarririk nabarmenena. Tanto bat alde batera, hurrena bestera. Altunak eta Martijak adierazi zutenez, azkeneko bi hilabetetan “hil hala biziko partidak” jokatzera ohituta daude eta egoera horri tamaina hartua dio bikoak, eroso mugitzen dira. Hasieran, 11 eta 5 eta 14 eta 12 aurreratu ziren Altuna eta Martija, baina gertu zenbiltzan Victor eta Albisu. Altunak eta Martijak jokoa dominatu zuten, baina Albisuk bere bikoaren ardura hartu zuen eta ikusgarri aritu zen Ataungo atzelaria. Atzelarien borrokan Martija ez zen atzean geratu, eta, horregatik, Albisuk eta Victorrek ez zuten alde handirik hartu, soilik bi tantoren abantaila lortu zuten, 16 eta 18. Baina Altunak eta Martijak 18ra eta 19ra berdindu zuten, eta azken tanto ikusgarriek erabaki zuten partida. Altunak eta Martijak ongi eutsi zuten eta, azkenean, 22 eta 19 gailendu ziren, urrezko puntua lortuz.

Beste finalista, Altuna-Martija edo Elezkano-Rezusta
Lehen bi jardunaldietako partidak galdu eta gero, Victorrek eta Albisuk ezin dute final handirako sailkatu. Irribarria eta Zabaleta finalean daude. Hortaz, larunbatean Labriten Victor-Albisuk eta Irribarria-Zabaletak jokatuko duten partidan ez da ezer jokatuko. Aldiz, Altunak eta Martijak igandean Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra Donostiako Atano III.ean jokatuko duten partidako garaileak lortuko du Binakako finalerako beste txartela.