Erregionala: Derbiko puntuak Lagun Artearendako

Guaixe 2019ko mar. 18a, 15:05

Erregional maila. Igoera faseko A multzoa. Lagun Artea 4 – Altsasu 0

Erregional mailako igoera fasean murgilduta jarraitzen dute Lakuntzako Lagun Arteak eta Altsasuk. Asteburuan 2. jardunaldia jokatu zen eta Lagun Artearen eta Altsasuren arteko derbia hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrik. Arratsalde hotzean, Lagun Artea hobeto aritu zen eta lehen zatian Egurzak sartutako bi golekin 2 goleko errentarekin joan ziren atsedenaldira lakuntzarrak. Altsasu jokalari bat gutxiagorekin geratu zen eta hortik aurrera Lagun Artearen nagusitasuna handiagoa izan zen. Unaik eta Davilak beste bi gol sartu zituzten eta bi talde sakandarren arteko derbian 4 eta 0 irabazi zion Lagun Arteak Altsasuri.

Erregional mailako igoera faseko A multzoko liderra Lagunak B taldea da (6 puntu) eta Lagun Artea bigarrena da, puntu berberekin. Altsasu zortzigarrena da, punturik gabe. Asteburuan sailkapenean laugarrena den Urroztarraren kontra ariko da Lagun Artea eta Altsasuk zazpigarrena den Amaia hartuko du.