Joan den urteko urtarrilean, Sustapen Ministerioak Sakanako Abiadura Handiko Trenaren (AHT) bigarren ibilbidearen proposamenak jendaurrean jarri zituen. Planoak aztertu ondoren, proiektuak ibarrarendako ez duela inolako onurarik izango ikusi genuen. Ez ekonomia eta gizartearen garapenaren ikuspegitik, ezta ingurumenaren ikuspegitik ere. Proiektuak Sakanarendako lubetak, tunelak eta biaduktuak, hondakindegi, hormigoizko zabal luzeak, elektrizitate azpiestazioak, eta abar luze bat bakarrik ekartzen ditu.
Gizartearen zati txiki baten mugikortasun-beharrak soilik estaltzen dituen proiektua da, distantzia handietara hiri handien artean bidaiatzen dutenena. Gainerako lekuek ez dute garraiobide horrekin loturarik, eta zenbait kasutan zerbitzuak galtzen dituzte, orain egiten duten distantzia luzeko geltokietan gelditzeari uzten diotelako.
Eskatzen dugun eta proposatzen dugun alternatiba honako hau da: egungo trena hobetzea eta bulkatzea. Hau da, herri, hiri eta industrialdeak lotzen dituena, merkantziak eta bidaiariak garraiatzen dituena, lurraldea egituratzen duena, eta edonorentzat ekonomikoki eskuragarria dena.
Gure proposamenak askoz kostu txikiagoa du abiadura handiko plataforma berri bat eraikitzeak eta mantentzeak baino. Kontuan hartu behar da Iruñea eta Euskal Y-aren AHT-ko zatiak 800 milioi eta 2.400 milioi euro arteko kostua eduki dezakeela bakarrik azpiegitura egiteko.
Horregatik, AHT-ren egungo lanak eta tramitazioak gelditzea proposatzen dugu, eta ohiko trenaren hobekuntza ekarriko duen alternatiba aztertzea, orain arte egin ez den azterketa. Hau da burutuko dugun manifestazioaren xedea, “Tren soziala bai, AHT gelditu. Respetad la voluntad popular” leloa izango duena, martxoaren 30ean, arratsaldeko 18:00etan, Altsasuko Suhiltzaileen parketik abiatuko duena.