Garcia de Eulate laugarrena Arangurenen

Guaixe 2019ko mar. 21a, 10:33

Aranguren Ibarra Duatloian bikain ibili ziren gure duatletak: Garcia de Eulate laugarrena eta Mikel Astiz seigarrena sailkatu ziren eta Francisco Javier Gomez lehena izan zen bere kategorian

Igandean VII. Aranguren Ibarra Duatloia jokatu zen, eta 250 duatleta inguruk parte hartu zuten bertan, goiz freskoan. 5 km korrika, 18 km bizikletan eta 2,5 km korrikan batu behar izan zituzten gure duatletek. Sakana Triatloi Taldeko taldekide gehienek parte hartu zuten proban, eta sekulako maila eman zuten. Tri-Urgazia taldeko Joseba Goikoetxeak irabazi zuen (55:10) eta Sergio Garcia de Eulate podiuma zapatzear egon zen; proba despeditzeko kilometro baten faltan lasterketa buruan zegoen altsasuarra, baina, azkenean laugarrena izan zen helmugan (55:27). Hiruki Valle de Egües Triatlon taldean dabilen Mikel Astiz ihabardarra ere top-tenean sailkatu zen, seigarrena iritsi baitzen helmugara (55:42). Eta aipatzekoa da Francisco Javier Gomez 22.a sailkatu zela eta lehena izan zela bere mailan, beteranoetan (59:02). Emakumezkoetan Anaitasunako Nuria Rodriguez gailendu zen (1:03:38) eta Silvia Perez 12.a iritsi zen helmugara (1:15:17). Larunbatean Altsasun jokatuko den Duatloirako prestaketa bikaina egin zuten guztiek.