Bargagain, 2018ko Nafarroako Taekwondo klubik onena

Guaixe 2019ko mar. 21a, 13:46

Nafarroako Taekwondo Federazioak Bargagain 2018ko klub onena izendatu zuen larunbatean Gorraizen eta Erkuden Morenok aipamen berezia jaso zuen. Moreno, Gil, Irigoien eta Palomares Sofian daude WTE Multi-European txapelketan parte hartzen

Altsasuko Bargagain Taekwondo klubak krisialdi bat pasa zuen duela lauzpabost urte, baina aurrera egin eta taldea indartzeko erabakia hartu zuten, eta helburua bete dute, alde handiarekin gainera. Gerardo Montero irakasleak hartu zuen eskolaren ardura eta urtetik urtera neska-mutiko gehiago hurbiltzen dira Bargagain klubera taekwondoan trebatzera. Lehiaketa eta txapelketetan ere maila itzela ematen dute Bargagaingoek eta domina ugari ekartzen dituzte. Horren erakusgarri, Nafarroako Taekwondo Federazioak 2018ko klub onenaren saria eman zion Bargagain klubari larunbatean Gorraizen egindako ekitaldian. “Oso pozik hartu genuen saria, egiten dugun lanari aitortza da; federazioak gure kluba onena aukeratzea sekulakoa da guretako” adierazi digu Bargagain klubeko juntako Beatriz Fernandez Santanok. Kluba saritzeaz gain, Bargagaingo Erkuden Morenori aipamen berezia egin zioten 16 urtetik beherako taekwondolari onena izateagatik. Beraz, sari bikoitza klubarendako.

Altsasun eta Olaztin
Bargagain Taekwondo Taldearen barruan 100 taekwondolari inguru trebatzen dira Altsasun, Gerardo Montero irakaslearekin. Horretaz gain, aurten taldea sortu dute Olaztin. 20-25 gazte inguru trebatzen dira Olaztin Saioa Marroyo irakaslearen esanetara. “Kluba gehiago handitzea eta zabaltzea da gure asmoa” gaineratu du Fernandezek.

Moreno, Gil, Irigoien eta Palomares Sofian, WTE Multi European txapelketan
Bargagain klubeko lau taekwondolari Sofiara iritsi ziren atzo, bertan jokatuko diren WTE Multi European txapelketan parte aritzeko. Txapelketa hau punta-puntakoa da, Europako Txapelketetarako eta Gazte Joko Olinpikoetarako sailkapen-txapelketa. Oihane Palomaresek 21 urtez azpiko mailan hartuko du parte, ostegunean, Erkuden Moreno kadete mailan lehiatuko da, ostiralean, eta Ane Gil eta Irati Irigoien juniorrak larunbatean lehiatuko dira. Bargagain kluba ordezkatuko dute laurek eta Gerardo Montero irakaslearekin daude Bulgarian.

“Txapelketa honetako maila oso altua da. Estatuan gainontzeko taekwondolarien maila nolakoa den badakigu, baina Bulgarian, Europa mailako lehiaketa honetan, gainontzeko taekwondolariek zein maila duten ez dakigu. Gure taekwondolariak gogotsu daude eta maila ona emango dugula espero dugu. Etxetik atera eta kanpoan dagoena ikustea esperientzia bikaina izango da” nabarmendu du Fernandezek.