Etxarri Aranatzek Nafarroako Kirol Jokoak hartuko ditu

Guaixe 2019ko mar. 21a, 16:00

Aurreko igandean hasi zen txapelketa, Txantrean, eta igandean 2. jardunaldia jokatuko da Etxarri Aranazko frontoian, 15:30ean

Aurreko asteburuan hasi ziren Nafarroako Kirol Jokoak, Txantreako Ezkaba plazan jokatutako lehen jardunaldiarekin. Etxarri Aranazko pilotalekuak hartuko du bigarren jardunaldia, igandean, 15:30ean. Goizean jokatzekoa zen, baina Altsasun manifestazioa dagoenez, arratsaldera atzeratu dute jarduna.

Nafarroako Kirol Jokoetan lau jardunaldi jokatuko dira eta final handia, apirilaren 7an Altsasun jokatuko dena. Lehen lau jardunaldietako denborak batuta, denborarik onena lortzen duten lau taldek finalerako txartela lortuko dute. Urtetik urtera parte-hartzea gora doa eta aurten 11 klub edo elkarteetatik sortutako taldeak lehiatuko dira, tartean Sakanako Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletatik sortutakoak.

Txantreako lehen jardunaldian kimuen mailako proba konbinatuan 20 talde lehiatu ziren, 5 multzotan banatuta. Berriozar B izan zen azkarrena (7:25). Sakanako taldeei dagokienez, Andra Mari 4 bigarrena sailkatu zen (7:27), Andra Mari 6 hirugarrena (7:36), Bargagain laugarrena (7:42), Andra Mari 1 seigarrena (7:51), Andra Mari 7 zortzigarrena (7:54), Intxusburu hamargarrena (7:55), Andra Mari 5 hamabosgarrena (8:12), Gainsol 17.a (8:17), Andra Mari 3 hemeretzigarrena (8:29) eta Andra Mari 2 hogeigarrena (8:41).

Haur mailako proba konbinatuan  10 talde lehiatu ziren hiru multzotan. Igantzik lortu zuen denbora onena (9:16). Andra Mari 3 bigarrena izan zen (9:49), Andra Mari 1 bederatzigarrena (11:16) eta Andra Mari 2 hamargarrena (11:28). Eta kadete mailako proba konbinatuan 7 talde aritu ziren bi multzotan. Andra Marirena izan zen denborarik onena (10:20) eta Iñigo Aritza hirugarrena sailkatu zen (10:22).

Sokatira probak hasi behar zirenean, euria hasi zen eta txapelketa bertan behera uztea erabaki zuen antolakuntzak. Hortaz, lehendabiziko jardunaldia ez da puntuatuko.