Urbasako jauregia ondarearen zerrenda gorrian

Guaixe 2019ko mar. 25a, 09:02

Behiak Urbasako jauregi ondoan.

Hispania Nostra erakundeak eraikina bere zerrenda gorrian du, bere egoera okerra delako.

Kultura eta natura ondarearen defentsa eta sustapena egiten du Hispania Nostra erakundeak. Ondare hori desagertzeko, suntsitua izateko edo bere balioak nabarmenki aldatuak izateko arriskuan badago,  zerrenda gorrian sartzen du. Elkarteak horrela, ondarearen egoera okerra jakitera eman eta hura mantendu edo zaharberritzeko lortu nahi du. Hori lortuz gero zerrenda berdera pasatzen du. Nafarroan 25 eraikin daude zerrenda gorrian eta horietako bat da Urbasako jauregia. Han sartzeko arrazoiak izan dira utzia egoteagatik hondatuta dagoela eta bandalismoa.



Jauregiaz
Fernando Ramirez de Baquedanok, II. Andiako markesak, aginduta eraiki zen Urbasako jauregia 1699 eta 1705 urteen artean. Ramirezek Urbasa-Andiako jurisdikzio zibil eta kriminalaren eskumena zuen. Erreinuko fiskalak Errege Kontseiluko Auzitegiari eskatu zion markesari agintzeko etxea eta kartzela eraikitzeko. Jauregia elkar lotuta dauden eta laukia osatzen duten lau gorpu ditu. Lau angeluetan dorre motz bana du eta erdian patio bat dago. Ezkaratza harri landuz egindako arkupe irekia da. Fatxadan Bakedanotarren armarri barrokoa dago.

Jauregia jaso eta mende erdia baino lehen berreraiki behar izan zuten, aurri egoeran baitzegoen. Bakedanotarrena bi mendez izan zen eta bitarte horretan familiako inor ez zen han bizi izan, baizik eta markesaren etxezainak eta kapilautzako abadea. Urbasa zeharkatzen zutenen, artzainen eta abeltzainen aterpe bihurtu zen.


Urbasako jauregiaren argazki zaharra. Indalecio Ojanguren.

Jauregia Etxabarrik erosi zuen 1915ean, egurraren sektoreko enpresari olaztiarrak. Hark eraikina eta inguruak eraberritu zituen, zati bat familiarendako utzi zuen eta bestea hostala bihurtuz. Azken hori 1976an itxi zen, nahiz eta aldi batez taberna eta jangela zabalik izan ziren. Eraikina utzia izan zen eta Nafarroako Gobernuak Etxabarritarrei 1990ean erosi zien. Eusko Jaurlaritzak eraikina erosi eta udalekuak egiteko asmoa izan zuen. Jauregia itxita dago eta urteak dira utzita dagoela. Horrek lapurretak (ateak, forjak) eta bandalismoa ekarri ditu.

Eraikina erosi eta gero han interpretazio gunea sortzeko aukera aztertu zuen foru administrazioak. Baina bertan behera gelditu zen. Urbasa-Andiari natur parke izendapena eman zion Nafarroako Gobernuak 1997an. Aurreko hamarkadaren erdialdera Nafarroako Gobernuak jauregia hotela bihurtzeko proposamena egin zuen (2.980 m2 azalera eta 3.390.000 euroko aurrekontua). Baina ez zuen aurrera egin. Gainera, kontrako iritzi ugari zeuden. Edozein proiektuk diru inbertsio handia eskatzen du.