Binakakoa: sakandarren arteko finalik gabe geratu gara

Guaixe 2019ko mar. 25a, 13:01

Altunak eta Martijak 10 eta 22 galdu zuten Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra eta finaletik kanpo geratu dira. Hortaz, apirilaren 7ko finala jotzaile handien artekoa izanen da: Irribarria-Zabaletaren eta Elezkano-Rezustaren artekoa

Atzo erabaki zen Irribarria eta Zabaletaren kontra nork jokatuko duen apirilaren 7ko Binakako final handia. Altuna III.a-Martija edo Elezkano II.a-Rezusta, bietako bat sailkatuko zen finalerako. Finalaurreko oso estua eta borrokatua espero zen, eta edozein sailkatu ahal zela uste zuen katedrak. Horren isla, dirua parean atera zen, Altunaren eta Martijaren aldeko joerarekin, agian. Izan ere, Binakakoa gaizki hasi zuten Altunak eta Martijak, baina gero buelta eman eta garaipenak pilatzen hasi ziren. Azken bi hilabeteak hil hala biziko partidak jokatu zituzten, eta tentsio hori ederki kudeatu zuten. Atzokoan ere hala izango zela espero zuten askok. Aurrean txapelketa bikaina egin zuten Elezkano II.a eta Rezusta zituzten, baina aurretik egindakoak ahaztu eta atzoko partidak erabakiko zuen nor sailkatuko zen finalerako. Ikusmina handia zen Atano III.ean, baina ez ziren aurreikuspenak bete eta Altuna III.ak eta Martijak ez zuten azkeneko partidetako maila eman.

Partida hasi eta Elezkano II.ak eta Rezustak nahikoa izan zuten sei tanto egin 0 eta 6 aurreratu eta hordagoa jotzeko. Indartsu zegoen bikoa; Rezusta atzeko koadroetan agintean, ikusgarri, pilota ia erreboteraino atzeratuz, eta Elezkano tantoak behar bezala bukatzen. Aldiz, Altuna III.a bere buruarekin haserre zebilen, egoerari buelta nola eman aztertzen. Martijak ezker horman bikain sartutako pilotakada bati esker sakea berreskuratu zuten gorriek, Altunak eta Martijak, eta erantzuna etor zitekeela uste zuen katedrak. 3 eta 6 gerturatu ziren gorriak. Baina Elezkano eta Rezusta ere defentsan bikain aritu ziren eta gorrien asmoak zapuztu zituzten. 4 eta 8tik 4 eta 13ko aldea hartu zuten Elezkanok eta Rezustak, baina Altunak eta Martijak ez zuten amore eman eta eta 7 eta 13 hurbiltzea lortu zuten. Baina hortik aurrera Elezkanok hartu zuen agintea eta sekulako erakustaldia eman zuen bizkaitarrak: mota guztietako tantoak amaitu zituen eta ikusgarri aritu zen, Rezustaren laguntza paregabearekin. Altunari eta Martijari sufritzea tokatu zitzaien tarte horretan eta, azkenean 10 eta 22 galdu zuten. “Beraiek horren ongi jokatzen dutenean oso zaila da haiek irabaztea. Erraz maneiatu gaituzte” onartu zuen partida bukaeran Jokin Altunak.

Hortaz, Danel Elezkano eta Beñat Rezusta izango dira apirilaren 7an Iker Irribarriaren eta Jose Javier Zabaletaren kontra Binakako finala jokatuko dutenak. Tamalez, ezinezkoa izan da arakildarren arteko finala jokatzea.

Irribarriak eta Zabaletak garaipenarekin despeditu dituzte finalerdiak
Irribarriak eta Zabaletak Victor eta Albisu izan zituzten aurkari Binakako finalerdietako 3. jardunaldiko partidan. Ez zegoen ezer erabakitzerik, lehenak finalerako sailkatuak eta bigarrenak aukerarik gabe zeudelako, baina larunbatean, Labriten, irabaztera atera ziren bi bikoak. Irribarriak eta Zabaletak partida bikaina egin zuten eta 12 tantotan utzi zituzten Victor eta Albisu, eta apirilaren 7ko finalera animoak goian dituztela iritsiko dira.