Igoera faseko 3. jardunaldia: Lagun Arteak galdu eta Altsasuk irabazi

Guaixe 2019ko mar. 25a, 14:20
Altsasuk garaipen garrantzitsua lortu zuen Amaya taldearen kontra.

Erregional maila. Igoera fasea. 3. jardunaldia Urroz 2 – Lagun Artea 0 / Altsasu 2 – Amaya 1

Asteburuan erregional mailako igoera faseko 3. jardunaldiko partidak jokatu dituzte gure taldeek. Urrotzen jokatu zuen Lagun Arteak, Urroztarraren kontra. Partida hasi eta berehala, 12. minutuan, Ibarrolak Urroztarra aurreratu zuen. Lakuntzarrak saiatu ziren, eta gol aukera oso argiak izan zituzten, baina Urrotzekoek ongi zaindu zuten bere atea. Bigarren zatian erasora atera zen Lagun Artea eta defentsan aritu zen Urrotz; ongi defendatu zuten etxekoek, eta 61. minutuan bigarren gola egiteko aukera izan zuten. Lagun Artea bukaerara arte saiatu zen, baina ez zuen markagailua mustutzea lortu eta 2 eta 0 galduta, punturik gabe itzuli ziren lakuntzarrak.

Aldiz, Dantzalekun jokoan zeuden hiru puntuak etxean geratu ziren. Gauzak gaizki hasi ziren Altsasurendako, Altsasuk gaizki egindako alderatze bat ate propioan sartu baitzen eta horri esker 0 eta 1 aurreratu baitzen Amaya, baina egoerari buelta eman eta bana berdintzea lortu zuten altsasuarrek, 20. minutuan Ormazabalek cornerra ateratzerakoan sartutako gol ikusgarriari esker. Bigarren zatian Altsasuk gol aukera ederrak izan zituen, eta partida bukatzear zela, Javik sartutako penaltiari esker, garaipena lortu zuen Altsasuk.

Erregional mailako igoera faseko A multzoan Lagunak B da liderra (9 puntu) eta Lagun Artea hirugarrena da (6 puntu). Altsasu seigarren postura igo da (3 puntu). Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean zazpigarrena den Iruntxiki hartuko du eta Iruñan ariko da Altsasu, sailkapenean bosgarrena den Nafarroako Unibertsitatearen kontra.