Sergio Garcia de Eulate Altsasuko podiuma zapatzear

Guaixe 2019ko mar. 26a, 14:35

Aitor Regillagak eta Paula del Pozok irabazi zuten Altsasuko Copreci Duatloia eta altsasuarra laugarrena sailkatu zen. Sakana Triatloi Taldea izan zen klubik onena

Larunbatean, eguzki dizdiratsuarekin jokatu zen Sakana Triatloi Taldeak hainbat babeslerekin antolatutako IX. Altsasuko Copreci Duatloia, arratsaldean. 166 duatletek hartu zuten irteera Altsasuko herrian antolatutako zirkuituan 5 km korrikan, bizikleta hartu eta 22 km egin eta, bukatzeko, 2,5 km korrikan egiteko.

Lehendabiziko segmentuan CT Zona Media taldeko Migel Ruizek hartu zuen aurrea, baina bigarren  segmentuan, bizikleta tarteak erabaki zuen proba. Amandarri taldeko Aitor Regillagak Ruiz aurreratu eta 12 segundoko aldea atera zion. Hala ere, bizikletan Tri Ur-Gazia taldeko Joseba del Barrio izan zen azkarrena. Baina azken segmentuan, 2,5 kilometroko korrikako tartean, Aitor Regillagak aurrea hartu eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara (1:04:30). 29 segundora Migel Ruiz Sartu zen eta 38 segundora Joseba del Barrio. Laugarren postuan lehen sakandarra sartu zen, Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate. Altsasuarra jaioterrian podium nagusira igotzear egon zen; lehendabiziko sakandarraren saria jaso zuen. Aipatzekoa da beteranoen 3 mailako saria Sakana Triatloi Taldeko Peio Vergarak jaso zuela (helmugan 108.a, 1:25:30).

Emakumezkoetan Saltoki taldeko Paula del Pozok irabazi zuen, nagusitasun handiz (1:18:42). San Juan taldeko Uxua Idiazabal bizikleta segmentuan gertu izan zuen, baina del Pozok ez zuen aparteko arazorik izan eta Idiazabal bigarrenari minutu pasa atera zion (1:19:35) eta Añorga klubeko Olaia Jauregi hirugarrena izan zen (1:23:12). Sakana Triatloi Taldeko Silvia Perez bosgarrena sartu zen (1:28:03), eta beteranoen 1 mailako txapelduna izan zen.

Taldeka Sakana Triatloi Taldea izan zen probako klubik onena.

Errelebotan Sergio Goñi eta Eugenio Ondarra
Altsasuko Duatloian lehenengoz errelebotan parte hartu ahal izan zen. Hiru bikote aritu ziren erreleboetan eta irabazleak Sergio Goñi eta Eugenio Ondarra izan ziren (1:18:45), Carmen Varelaren eta Fco. Javier Navarreteren aurretik (1:24:33).

Kategoria txikietan Sakana Triatloi Taldekoak bikain
Larunbat goizean kategoria txikiko duatletak Txioka ikastolaren parean bildu ziren, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak diren probak jokatzeko. 117 duatleta inguru zeuden izena emanda eta aurrebenjaminak (250m-1 km-125 m), benjaminak (500 m-2 km-250 m), kimuak (1 km-4 km-500 m) eta haurrak (2 km-8km-1 km) aritu ziren lehian. Juniorrek eta kadeteek helduen proban parte hartu zuten, helduen distantzia bera eginez.





Sakana Triatloi Taldekoak primeran aritu ziren. Aurrebenjaminetan nesketan Aranguren taldeko Lola Remacha eta mutiletan Atalaya taldeko Gaizka Garcia gailendu ziren; benjaminetan, aldiz, emakumezkoetan Aranguren taldeko Itziar Arrosagaray izan zen azkarrena eta mutiletan Aranguren taldeko Pablo Miranda. Sakana Triatloi Taldeko Oihan Andueza hirugarrena sailkatu zen, Asier Razkin seigarrena, Eneko Razkin hamargarrena eta Ekaitz Berdud hamaikagarrena. Kimuetan, emakumezkoetan Tri-Ur Gazia taldeko Nahikari Lopez-Rosok irabazi zuen eta gizonezkoan podium sakandarra izan genuen: Alain Razkinek irabazi zuen, Ekain Imaz bigarrena izan zen eta Mikel Arrizabalaga hirugarrena. Haurren mailan, emakumezkoetan Tri-Ur Gazia taldeko Jennifer Lopez-Roso gailendu zen eta mutiletan Antsoain taldeko Sergio Ajona.

Sakandarrak Altsasuko Duatloian (5 km-22 km-2,5 km)
Gizonezkoak
1.Aitor Regillaga    1:04:30
4.Sergio G. Eulate    1:06:50
11.Ivan Sobredo     1:08:09
12.Iñaki Alvaro    1:08:14
13.J.Carlos Gomez    1:08:17
14.Javier Borrega    1:08:19
24.Mikel Astiz    1:10:21
35.J.I. Mikeo        1:11:12
45.Juan Larrea    1:12:26
50.Isidro Asurabarrena 1:13:24
59.J.Ignacio Iturrioz    1:15:28
73.Gorka Chamorro    1:17:25
108.Peio Vergara     1:25:30

Emakumezkoak
1.Paula del Pozo    1:18:42
5.Silvia Perez        1:28:03
7.Marta Diego        1:29:24
13.Ainhoa Markinez    1:44:18

*Eneko Iturbek, Fco. Asier Lizarragak eta Javier Gomezek ezin izan zuten proba bukatu.