Eneko Aramendiaren lehen garaipena afizionatuetan

Guaixe 2019ko mar. 26a, 12:40
Argazkia: Oskar Matxin-Foku

Aurten Goierriko TB-Laboral Kutxan dabilen iturmendiarrak XXIV. Laukizko Udal Saria irabazi zuen larunbatean, Lehendakari Tornerako baliagarria den proba

Eneko Aramendia Telleria txirrindulariak (Iturmendi, 1997) afizionatuen mailako bere palmaresa estreinatu du. Rural Kutxa-Seguros RGA taldean hiru urte aritu eta gero, aurten Goierriko TB-Laboral Kutxa taldera egin du salto Aramendiak, eta badirudi aldaketa ongi etorri zaiola, larunbatean afizionatuen Lehendakari Torneorako baliagarria den hirugarren proba, XXIV. Laukizko Udal Saria irabazi baitzuen, esprintean gailendu eta gero (3:14:40). Horrela, afizionatuen mailako bere lehen proba irabaztea eta palmaresa mustutzea lortu du iturmendiarrak. Horrekin batera, bere taldea, Goierriko TB-Laboral Kutxa izan zen probako talderik onena. Bestalde, Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Juan Fernando Callek irabazi zuen mendiko saria.

Mugitua izan zen Laukizko Udal Saria. 129 kilometroko proba azkar joan zen, eta, azkenean 10 txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen batera helmugara. Borroka estuan, Eneko Aramendia gailendu zen esprintean, Lizarteko Jordi Lopezen eta Goierriko TB-Laboral Kutxako bere taldekide Julen Latorreren aurretik. Aipatzekoa da Goierriko TB-Laboral Kutxak lasterketa bikaina egin zuela, probako lehen 10 txirrindularien artetik 5 talde horretako txirrindulariak izan baitziren, lehen bost postuetatik 4 Goierriko TB-Laboral Kutxakoak. Jakina, taldekako txapelketa irabazi zuen Aramendiaren Goierriko TB-Laboral Kutxak. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Juan Fernando Calle zazpigarrena sailkatu zen.

Gainontzeko txirrindulari sakandarrei dagokienez, aurten Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin afizionatuetan debutatu duen Josu Etxeberria iturmendiarra 46.a sailkatu zen, 1:11ra, eta Telcom taldeko Alex Uncilla 57.a sartu zen, 7:37ra.  

Eneko Aramendiak Gara egunkarian azaldu duenez, “garaipenagatik baino, bere burua peleian, borrokan ikusteagatik” pozten da gehiago. Txirrindulariak gaineratu duenez, taldez aldatzearekin asmatu du. “Askatasun gehiago eman dit. Garaipena lortu ahal izan dut, baina pozten nauena da nire burua peleian ikustea; konfiantza gehiago eman dit eta juniorretan bezala sentitzen naiz, lasterketengatik borrokan. Entrenatzera joateko ilusio gehiago eman dit, nigan konfiantza dutela sentitzen dut. Aldaketak lan egiteko gogo gehiago eman dizkit eta garaipenaren arrazoi handietako bat hori da”.

Afizionatuen lehendabiziko bi urteak nahiko kaxkarrak izan zirela onartu du Aramendiak. Hirugarren urtean prestatzailez aldatu zuen eta hobekuntza hasi zela aipatu du eta igoeratan hobetzen hasi zela. “Aurten kalitate salto bat egin dudala nabaritzen dut, bereziki igotzen” aipatu du. Robotika Goi Zikloa bukatu du eta aurten buru belarri bizikletan murgildu nahi duela oso argi du.

Josu Etxeberria lehen sakandarra Lizarran
Hurrengo egunean, igandean, XLII. Cirilo Zunzarren Memoriala jokatu zen Lizarran, afizionatuen Euskaldun Torneorako baliagarria. 134 km-ko proban oso azkar ibili ziren txirrindulariak eta helmugara 25 txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen aurretik. Lizarte taldeko Carlos Ruiz txirrindularia gailendu zen guztien artean (3:13:49). Rural Kutxa talde sakandarreko Josu Etxeberria iturmendiarra 20.a iritsi zen, eta bezperan Laukizen garaipena lortu zuen Eneko Aramendia iturmendiarra (Goierriko  TB-Laboral Kutxa) 28.a sartu zen. Asier Ormazabal ziordiarra (Lizarte) 45.a sartu zen, Ailetz Lasa ziordiarra (Goierriko TB-Laboral Kutxa) 65.a eta Alex Uncilla (Telcom) 92.a.