Toki komunikabideen taldeko presidenteak, Jone Guenetxeak, toki komunikabide txikien kohesioa lantzeko egindako eta egiteko asmoa dauden lanak goraipatu ditu batzarrean. Besteak beste, 2018an paperezko aldizkarientzako edizio sistema bateratua inplementatzeko egindako lana, eta 2019an martxan jartzeko asmoa dagoen Tokimedia multimedia zerbitzari komuna jarri ditu adibide gisa. Lan teknikoetatik aparte, Guenetxeak txalotu eta eskertu egin du TOKIKOMek EAEko erakundeen diru-laguntza eredu berria lantzen egindako lana, “toki komunikabideon lana nabarmentzen eta balioan jartzen”.
Tokikoen garrantzia
Alaitz Artolozabalek, TOKIKOMeko zuzendariak, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatu zuen 2018ko jardueraren errepasoari ekin aurretik: “TOKIKOMeko komunikabideok Hekimenen barruan dauden medio digital guztien trafikoaren %41 eragin genuen 2018an, eta horrek argi uzten du gure garrantzia estrategikoa”.
TOKIKOMen aurtengo erronka nagusia bazkide dituen komunikabideen arteko kohesioa landu eta errazteko tresnak garatzen jarraitzea izanen da. Hala, indar berezia jarriko du, besteak beste, hiru arlotan. Aurrena, paperezko argitalpenendako edizio sistema bateratua hedatzen eta hark posible egiten duen artxibo bateratua ustiatzeko aukerak aztertzen. Bestetik, medio digitalendako Tokimedia artxibo multimedia bateratua abiatzen, argazkiak eta multimedia materiala modu koordinatuan artxibatu eta ustiatzeko. Eta, atzena, toki komunikabideen eta 2018an sortutako Ttap aldizkari digitalaren arteko eduki jarioa sustatzea.
Batzarra despeditzeko, tarte bat eskaini zitzaion Urola-Kosta ibarreko toki komunikabideek emandako aurrerapausoari. Urtetako saiakeren ondorioz, eskualde horretako hainbat komunikabidek bide komuna adostu eta eskualde mailako egitura bakar batean batuko dira, “baliabideak hobeto aprobetxatu eta sinergiak sortze aldera”.