Jartzazu, Jarriezu kanpaina martxan du Mugitu! Mugimenduak. Bere kideak Abiadura Handiko Trenaren (AHT)ren kontrako banderolak hainbat eraikinetan jarri dute: Xabierko eta Erriberriko gazteluak, Castejongo trenaren museoa, Nafarroako Jauregia, egitasmoaren alde dauden alderdien egoitzetan. Oraingoan mugimenduko kideek AHTren kontrako aurkakotasuna nork bere etxetik adierazteko hori adierazten duen edozein banderola jartzeko eskatu dute. AHTren kontrako banderolak etxean jartzen duenak argazkia egin eta mugituaht@gmail.com e-posta helbidera bidaltzeko eskatu dute, jasotako guztiak www.mugitu.blogspot.com-en argazki galeria batean argitaratuko dituzte. Sakanan banderolak Irurtzungo Pikuxar tabernan, Etxarri Aranazko Xapatero eta Leku Ona tabernetan eta Altsasuko Lezea tabernan daude salgai.
Haiek Italiako Val Susako banderola eredua hartu dute, baina edozein izan daitekeela gaztigatu dute. Mugituko kideek azaldu dutenez, Italiako ibarrean “erabat militarizatutako AHTaren eraikuntza lanen aurkako borroka eredugarria gauzatzen ari da, obrak gelditzea lortuz. Kanpaina honek haien borroka omendu nahi du. Haien bandera geurea ere bada!”
Mugituko kideek arrazoi sorta eman dute AHTren kontra egiteko: “lurra suntsitzen duelako, energia eta baliabide mordoa xahutuz; txirotu eta zorpetzen gaituelako, jendarte murrizketak areagotuz; elitista eta klasista delako; ohiko trenaren desegitea dakarrelako; esklabutzatik gertu dauden baldintzetan eraikitzen ari delako; eraikuntza eta energia lobbyak eta banka aberasten dituelako; ustelkeria nonahi dariolako; lurraldearen metropolizazioa bultzatzen duelako; aurrerabide eta modernitateaz iruzur egiten digun kapitalismoaren tresna bat delako; presa eta estresaren kultura sustatzen dituelako; menpekotasun patriarkala laguntzen duelako eta finean, euria ari duela esan, eta benetan, pixa egiten ari zaizkigulako...”