Sakana Trenaren Alde , AHTrik ez! Plataformak aurkeztutako idatzia bere egin dute ibarreko udal guztiek, Altsasu ez beste. Mozio horretan 14 udalek Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuari eskatzen diete “Abiadura Handiko Trenaren (AHT) egungo lanak eta izapideak gelditzea, eta ohiko trenaren hobekuntza suposatzen duen alternatiba aztertzea, orain arte egin ez den azterketa”. Horrekin batera, Sakanako 14 udal horiek gobernuei eskatu diete “azterketa horien emaitzak herritarren eskura jartzea, haien gaineko kontsulta egitea, eta emaitza errespetatzea”. Horretaz aparte, plataformak larunbaterako Altsasun antolatu duen manifestazioarekin bat egin dute udal horiek eta sakandarrei mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte.
Udalek salatu dutenez, Sustapen Ministerioak Sakanan barna aurreikusitako AHT proposamenak “diru publikoaren izugarrizko gastua dute, herritarren beste beharrizan batzuetara bideratu daitezkeenak, esaterako: osasun etxeak, eskolak, pentsioak, egungo trenbide-sarea eta abar hobetzea”. 14 udaletako ordezkariek gaineratu dutenez, AHT proiektuak “ez du inolako onurarik izanen ibarrarendako, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen garapenaren ikuspegitik ere”. AHTk landa-eremuarekin loturarik ez duela eta hiri handien arteko distantzia luzeak besterik ez dituela egiten gaztigatu dute. Eta AHTren lineak “Azpiegituraren errentagarritasun soziala edo ekonomikoa frogatzen duten txostenik gabe” egiten direla ziurtatu dute.
Guztiagatik, gaur egun dagoen “trenbide-azpiegiturak berritu eta modernizatzearen alde” egin dute, “egungo tren-plataforma ahalik eta gehien aprobetxatuz, trenbide bikoitza eta nazioarteko zabalerako hirugarren erraila” jartzea. “Herri, hiri eta industrialdeak lotuko dituen trenaren alde” egin dute, eta nabarmendu dute “askoz kostu txikiagoa” duela.
Izan ziren hautetsiak
Paz Gonzalez (Arakilgo zinegotzia), Juan Angel Beraza Gastesi (Irañetako alkatea), Juana Sainz Betelu eta Hasier Beltza Aiza (Uharte Arakilgo alkatea eta zinegotzia), Ainara Martin (Arruazuko zinegotzia), Karmele Marañon (Arbizuko alkatea), Joseba Imaz Berastegi (Ergoienako alkatea), Eneka Maiz Ulaiar, Aritz Ikobaltzeta Mardaras, Alazne Juaniz Epelde, Aberri Barandalla Fernandino, Begoña Goikoetxea Zabaleta, Silvia Marañon Txasko eta Maria Saez de Albeniz Bregaña (Etxarri Aranazko alkatea eta zinegotziak), Victoriano Gabirondo Lanz (Iturmendiko alkatea), David Oroz Alonso (Urdiaingo alkate eta Sakanako Mankomunitateko presidente), Javier Paz (Altsasuko zinegotzia) eta Mikel Azkargorta Boal, Jokin Landa eta Rafael Vicente (Olatzagutiko alkatea eta zinegotziak).