Sakanan garraiobide garrantzitsua izan da trena eta garrantzitsua izaten jarraitu behar du. Horrela bada, herritarren mesedetara egongo den Tren Publiko eta Soziala behar dugu.
AHT Nafarroako eskualdeak eta herriak isolatuko dituen eta elite ekonomikoei onura egiten dien tren eredu bat baino ez da, baliabide naturalak, ingurumenekoak eta nekazaritzakoak kaltetzen dituena.
Gure herrien ondotik pasako litzatekeen azpiegitura erraldoi eta txikitzaile berri bat inposatu nahi digute, trenbide konbentzionalaren ibilbidearekin paralelo zati gehienean. Gainera tren konbentzionalaren zerbitzuak okerrera egitea dakar. Herritarrok erabiltzen dugun trena hiltzen uzten ari dira. Sakanan 9 geltoki izan ditugu, gaur egun ordea 3 bakarrik daude funtzionamenduan. Tren konbentzionalean murrizketak gero eta handiagoak dira, AHTaren finantzazioak geroz eta diru gehiago behar duelako; amaigabea den diru publiko xahuketaren aurrean gaude, eta proiektuaren kudeaketari ustelkeriaren kiratsa dario.
Izena aldatuagatik ere (Tren de Altas Prestaciones diote orain), proiektu berdinak dira. Proiektu horietan ez zen merkantziarik aipatzen; horiek gerora sartu dituzte, kritikak isilarazteko asmoz. Sinestarazi nahi digutenaren kontra, errealitateak erakusten digu abiadura handian ez dagoela merkantzien garraiorik. Espainiar estatua munduan abiadura handiko km gehien duen estatua da, Txinaren atzetik, baina soilik merkantzien %4 inguru garraiatzen da trenez.
Herritarron beharren eta osasunaren kontra inposatu nahi izan ziguten erraustegia gelditu genuen, baita Goi Tentsioko Linea ere (badirudi saiakera berria egingo dutela). Herritarron mobilizazio eta borrokarekin lortu genuen.
Orain herritarron beharrak aseko dituen tren sozialaren alde eta AHTren kontra mobilizatuko gara. Borrokak fruituak ematen dituelako. Ama lurra defendatu, kapitalismoa gelditu.
Sakanak merezi duelako, larunbatean Altsasura!