Josu Zabala; aitortzarik gabeko krimena

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Erdozia eta Juan Kruz Aldasoro (Etxarri Aranazko Sorturen izenean) 2019ko mar. 29a, 08:16

Martxoaren 23an 22 urte bete dira Josu Bilbon bahitu zutenetik. Hiru egun beranduago bere gorpua Punta Mendatan agertu zen, bihotzaren parean tiro bat zuela. Aitortzarik gabeko Estatu Krimena segitzen du izaten. Berriki Egiari Zor Fundazioak Foro Sozialean aurkeztu duen txostenaren arabera, 361 dira azken hamarkada hauetan bi Estatuen biolentziak eragin dituen heriotzak, eta horietatik bakarrik 82k jaso dute aitortza ofiziala (%22,5). Beste 115 herritar hil dira gatazkarekin harremandutako gertakarietan (enfrentamenduak, istripuak...).

Estatuek eragindako 361 hilketa horietatik 219 Segurtasun Indarrek egindakoak dira, 78 guda zikinak (GAL, BVE...), 63 salbuespen politiken ondorio izan dira (espetxe politikaren ondorio nagusiki) eta 4 faxisxtek egindako erasoen ondorio. Hamarkada guzti hauetan Espainiak oztopatu egin du aitortza eta egia argitara ateratzea; ezezkoa eman dio kalte-ordainak parekatzeari aurrez terrorismoaren biktima gisara onartuta dauden Estatuaren biktimei; Nafarroan onartu zen 16/2015 Legea helegite baten bidez indargabetu zuen; 9/1968 Sekretu Ofizialen Lege Frankista bere horretan mantentzen du. Gainera, eskubideak urratu dituzten funtzionario publikoei kondekorazioak eta indultuak eman dizkie.

Bizikidetzarako ezinbesteko osagaia dira egia, aitortza eta ez errepikatzeko bermea. Josu Zabalaren Egia aldarrikatuko dugu Etxarri Aranatzen larunbatean, eguerdiko 13:00etan hilerrian eginen dugun ekitaldian.