Uda, kirola egiteko garaia

Guaixe 2019ko mar. 29a, 11:20
2018ko Errugbi kanpusa. Nobedadea izan zen iaz.

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak aurtengo udarako antolatu dituen kirol campusen berri eman du. Futbolaz, triatloiaz eta errugbiaz gain, surf campusa eskainiko da aurten lehenengo aldiz

Udarako antolatzen dituen campusen berri eman du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak. Futbol eta triatloi campusei iaz errugbi campusa gehitu zitzaien, eta aurten segida izango du campusak. Gainera, surf ikastaroa izango da lehenengo aldiz udako campusen artean. Hortaz, campusak surfarekin hasiko dira: ekainaren 15ean eta 16an izango da, Zarautzen. Uztailaren 1etik 13ra futbol campusak izango dira, Altsasun eta Uharte Arakilen. Triatloi taldea uztailaren erdialdetik bukaerara izango da Altsasuko kiroldegian eta, udako campusak amaitzeko, errugbi campusa izango da uztailaren 29tik abuztuaren 2an, Urdiainen.

Zarauzko olatuetan surf egiten
Aurten lehenengo aldiz antolatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak surf ikastaroa. Ekainaren 15ean eta 16an izango da, Zarautzen. Sakanako Mankomunitateak autobusa eta surf ikastaroa antolatuko du, eta 18 urtetik gorakoendako edo familian egiteko ikastaroa izango da. Hau da, familia bakoitza da bere haurren arduraduna. Izena ematea apirilaren 12an zabalduko da eta ikastaroa bete hala itxiko da.

Zarautzera joateko autobusa 14:00etan aterako da Ziorditik eta partaideak herriz herri jasoko ditu. Surf ikastaroa 16:30etik aurrera hasiko da eta 1,5 ordukoa izango. Autobusa 20:30etan aterako da Zarautzetik. Hastapenerako ikastaroa izango da eta 40 euroko prezioa du eta surfean aritzeko beharrezko guztia dago barne. Bakarrik autobusa erabili nahi duenak 10 euro ordaindu dezake.

Uztailean, futbol campusa
Sakanako Mankomunitateko futbol campusa uztailaren 1ean hasiko da. Lehendabiziko txanda uztailaren 1etik 6ra izango da, 2004 eta 2009 urte bitartean jaiotako neskendako eta 2007 eta 2009 urte bitartean jaiotako mutilendako. Hurrengo astean, uztailaren 8tik 13ra, 2004 eta 2006 urte bitartean jaiotako mutilendako. 



Maalen Beraza eta Iokin Lobo izango dira entrenatzaileak. Egunero 9:30etik 14:00etara arituko dir futbolean trebatzen. Teoria eta praktika uztartuko dituzte kategoria bakoitzeko gaiak aztertuz. Jolasen bidezko metodologia landuko dute. Campusa bukatzerakoan igerilekura joango dira eta Errealaren egoitzara, Anoetara, irteera egingo dute ere.



Gutxienez 14 partehartzaile eta gehienez 30 aste bakoitzean, izena eman ahala tokiak betetzen joaten ziren. Beraz, futbol campusean intersa dutenei lehenbailehen izena ematea aholkatzen du antolakuntzak. Tokia gordetzeko ordainketa agiria aurkeztu behar da Sakanako Mankomunitatean. Behar izanez gero kirol zerbitzuak itxaron zerrenda osatuko du. 

Izena ematea martxoaren 25ean hasi zen.


2018ko futbol campusa.

Uztailaren bigarren hamabostaldian, triatloi campusa
Altsasuko Zelandi kirolgunean egingo da triatloi campusa uztailaren 16tik 27ra. Goizeko 11:00etatik 13:00etara egingo da trebakuntza. Aitor Mozo eta Urko Berdud izango dira begiraleak eta 8 urtetik 16 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena triatloi campusean. Korrika, igeriketa eta txirrindularitza batzen dituen kirol honek eta campuseko parte hartzaileek teoria eta praktika uztartuko dituzte, eta kirol batetik bestera egin beharreko trantsizioak nola egin ere landuko dute jokoen bidez.


2018ko Triatloi campusa.

Uztailaren 20an Sakanako XVII. Triatloia antolatuko du, eta bertan aritzeko aukera izango dute triatloi campusean ariko diren gazteak.

Triatloi campusean parte hartzeko izen ematea ekainaren 15era arte egin daiteke eta lekuak bete arte egongo da zabalik, kuota 40 eurokoa da.

Errugbi campusa bigarrenez
Errugbi campusa izan zen iazko nobedadea eta aurten esperientziarekin errepikatuko du Sakanako Mankomunitateak. Belar naturaleko Urdiaingo futbol zelaian egingo da uztailaren 29an hasi eta abuztuaren 2an amaitu. 8 urtetik 16 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Errugbian trebatzeko campusa 10:00etatik 14:00etara izango da.

Egokitutako errugbi-zinta landuko da batez ere campusean eta teoria eta praktika uztartuko dituzte.

Izena ematea maiatzaren 25ean edo lekuak agortu arte egongo da zabalik. 35 euroko kuota ordaindu behar dute parte-hartzaileek.



Izena ematea

Aipatu campusetan izena ematea Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus, www.sakana-mank.eus) egin behar da. Mank-eko kontu zenbakia: ES 453035 0116 93 1160003328 (Euskadiko Kutxa). Ordaintzerakoan partaidearen izen abizenak eta aukeratutako campusa zehaztu beharko da agirian.