Andra Mari etxean nagusi

Guaixe 2019ko mar. 29a, 12:41

Nafarroako Herri Kirol Jokoen 2. jardunaldia Etxarri Aranatzen jokatu zen igandean. Haurren mailako proba konbinatuan izan ezik, gainontzeko proba guztietan gailendu ziren Andra Marikoak

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoen 2. jardunaldia hartu zuen Etxarri Aranazko Euskalerriari frontoiak. Altsasuko manifestazioagatik arratsaldera atzeratu zen jardunaldia. Etxean jokatzeak eta zaleak aldeak izatea mesede egin zion Andra Mari ikastolako taldeei. Proba guztietan gailendu ziren Andra Marikoak, haurren mailako proba konbinatuan izan ezik; bigarrenak izan ziren proba horretan.

Proba konbinatuetan, kimuen mailan 20 talde lehiatu ziren, 5 multzotan banatuta. Denbora guztiak kontuan hartuta, Andra Mari 6 izan zen talderik azkarrena (7:14). Sakanako gainontzeko taldeei dagokienez, Andra Mari 4 hirugarrena sailkatu zen (7:18), Bargagain zazpigarrena (7:34), Andra Mari 7 zortzigarrena (7:40), Andra Mari 3 bederatzigarrena (7:42), Andra Mari 5 hamargarrena (7:49), Intsusburu 11.a (7:49), Andra Mari 2 hamabigarrena (7:50), Andra Mari 1 16.a (8:03) eta Gainsol 20.a (8:21).

Haur mailako proba konbinatuetan 10 talde lehiatu ziren, hiru multzotan. Igantzi izan zen azkarrena (9:20), Andra Mari 3 bigarrena (9:33), Andra Mari 1 bederatzigarrena (11:44) eta Andra Mari 2 hamargarrena (12:54). Bukatzeko, kadete mailako proba konbinatuan 7 taldek hartu zuten parte, bi multzotan banatuta. Andra Mari izan zen azkarrena (9:54), Iñigo Aritzaren aurretik (10:25).

Sokatirari dagokionez, haurren mailan (480 kg) 9 taldek hartu zuten parte, bi multzotan banatuta. A multzoan Andra Mari 4 izan zen finena (5 puntu) Andra Mari 2 taldearen aurretik (4 puntu). Iñigo Aritza laugarrena sailkatu zen (2,5 puntu). Eta B multzoan Andra Mari 3 gailendu zen. Andra Mari 1 hirugarrena sailkatu zen.

Kadeteen mailan (540 kg) lau talde A multzoan aritu ziren eta hiru talde B multzoan. A multzoan Andra Mari 1 taldeak irabazi zituen saio guztiak (4 puntu) eta B multzoan Andra Mari 2 taldeak eta Iñigo Aritzak berdindu egin zuten eta 2,5 puntu bildu zituen talde bakoitzak.

Nafarroako Kirol Jokoen 3. jardunaldia igandean Erratzun
Nafarroako Herri Kirol Jokoen 3. jardunaldia igandean jokatuko da, goizeko 10:30etik aurrera, Erratzun. Jakina denez, txapelketan 4 jardunaldi jokatuko dira eta talde onenak apirilaren 14an Altsasun jokatuko den finalerako sailkatuko dira.