Konpost festak

Guaixe 2019ko api. 1a, 12:03
Sakanako Mankomunitateko langileak Olatzagutian konposta banatzen eta azalpenak ematen. Artxiboa.

Sakanako Mankomunitateko Hondakin bilketa Zerbitzukoak Irurtzunen bihar eta Ziordian ostegunean konposta banatuko dute.

Sakanako Mankomunitateak materia organikoa konpost bihurtzeko zenbait bide ditu: etxe- eta auzo-konpostagailuak, atez ateko materia organikoaren bilketa eta 5. edukiontzia Altsasun. Azken bi modu horien bidez jasotako materia organikoa Arbizuko hondakindegian konpost bihurtzen du. Handik edozein sakandar pasa daiteke etxerako edo baratzerako konpost eske. “Herri batzuetatik ez dira etortzen eta haietara joatea egoki jo genuen”, azaldu digu Itziar Zudaire Salegi Mank-eko teknikariak. Horregatik, bi konpost festa antolatu dituzte: Irurtzungo plazan, bihar, eta Ziordian, ostegunean, Iturri ondoan. Bietan 10:00etatik 13:30era egonen dira. Herritar bakoitzak 30 kiloko bina zaku eskuratzeko aukera izanen du.

Zudairek gogorarazi du sakandarrek urte guztian jaso dezaketela konposta Arbizuko hondakindegian. Konposta nahi duenak hondakindegiko bulegotik pasa behar du lehenik, izena eman eta gero hiru zaku betetzeko aukera du. 07:30etik 15:00etara dago zabalik hondakindegia.