Euskararen aldeko lasterketa, Korrika Garesen atzo hasi zen. Gasteizen bukatuko da errelebo lasterketa erraldoia apirilaren 14an. Hamar egun horietan Korrikak sortzen duen zirrara eta “testuinguru paregabean” Euskaraldiko esperientzia errepikatzeko deia egin dute AEK-k eta Euskaltzaleen Topaguneak. Hau da, txapei hautsa kendu eta 21. Korrikak irauten duen bitartean ahobizi eta belarriprest gisa aritzera gonbidatu dute.
Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, “klika eta inertziak apurtzea eskutik doazen ekintzak dira”. Euskaraldian parte hartu zutenek “euren hizkuntza-praktikak aztertu” eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi du. Mujikak gogorarazi zuen Korrikaren aurreko edizioak irudi esanguratsuak utzi zituen, esaterako, Irungo Santiago zubiko kilometroa, non elkarrekin agertu ziren erakundeetako eta euskalgintzako ordezkariak.
Jasone Mendizabal eta Mertxe Mujika.
Geroztik, rol eta jarrera berriak sortu dira Euskal Herrian, eta horiek zabaltzeko deia egin dute bai Mujikak bai Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek. Azken horrek abenduaren 3ra arte ahobizi eta belarriprest izan ziren guztiei “euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako ohitura horiei eutsi eta euskarazko harremanak zaintzeko”. Eta nabarmendu zuen egunerokoan egin beharreko ariketa horrek testuinguru ezin hobea izanen duela Korrikan. Txapekin eta portaerekin ohitura-aldaketa hori ikusarazteko gonbidapena egin zuten biek: “AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, Klika egiteko, aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko”.