AHT ibilbide proiektua

Trenaren garapen ereduaren gaineko eztabaida eskatu dute

Larunbateko manifestazioan “Nafarroako erdialdean martxan dauden obrak gelditzea eta egungo trena hobetzeko azterketa sakon eta objektiboa egitea” eskatu zuten. Aldi berean, “azterketaren emaitzak ezagutaraztea eta jendaurrean jartzea” eskatu zuten, baita “herritarrei horri buruzko kontsulta egitea eta ateratzen den erabakia errespetatzea”.

“Nafarroaren Garapena, Etorkizuna eta Interes Orokorra manifestazio honetan bildu garen pertsonengan dago, hain zuzen ere, pertsonak, herriak eta lurraren zainketa garapenaren oinarritzat hartzen ditugulako, eta, horrexegatik, tren sozialaren aldeko apustua egiten dugu”. Mezu hori zabaldu zuen Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez! plataformak larunbatean egindako manifestazioan. Deitzaileek esan zutenez, “egungo trena garatuz gaitasun goreneko trena lor daiteke Europako estandarretara egokitua eta Mediterraneo-Atlantiko ardatzean kokatua, pertsonendako eta merkantzien garraiorako baliagarria izanen dena. Korridorea egina dago, posible da trenbidearen bikoizketa eta 3. erraila jartzea”. Gaineratu zutenez, “beste lehentasun batzuengatik ez dute trena garatu”.

Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez! Plataformako kideek gobernuetatik AHTren aldeko argudioei kontra egin zioten. AHT ez dute ekologikotzat jotzen: “ingurumena, landak eta soroak suntsituko lituzke. Nekazaritzari, gure ekonomiari eta turismoari kalte latza eginen lioke. Gure aisiarako eremuak eta Aralar eta Urbasa-Andiarekin dugun hurbiltasuna hesi madarikatu batek moztuko luke. Urbasa-Andia eta Aralar artean basa-abereen ugalketarako murrua izanen litzateke. Landa eremu naturala eta emankorra eduki ordez, lur mugimenduak, hormigoi plantxak, zabortegiak, ezpondak, murruak, bide moztuak e.a.…eta horri gehitu behar zaizkio horniduraren azpiestazio elektrikoak, eta bestelakoak”.

Argudio gehiago
Lanaren “interes orokorra eta ekonomia garapena sustatzen” duela dioten txostenak “ bankuen eta obra publikoaren inguruko enpresarien zirkuluetako fundazioek eginak” direla gaztigatu zuten plataformatik. Horien parean txosten “objektiboagoek ondorioztatzen dute AHTren ezarpena ekonomikoki eta garraio eta gizartearekiko zerbitzuen aldetik porrot ikaragarria dela, aldez aurretiko bideragarritasun azterketa objektiborik eta plangintza orokorrik gabe egina, erabat irizpide arbitrarioak erabilita”. Azken txosten horien egileak Europako Kontuen Auzitegia, Fedea fundazioa, unibertsitate irakasle ikerlariak, Nafarroako Kontu Ganbera eta beste ekonomia adituak dira.

Plataformatik gogorarazi zutenez, Nafarroako AHTrako “1.400 milioi aurreikusten dira. Kopuru horrekin 300 eskola eraiki litezke”. Arduradun politikoei gogorarazi zieten bestelako behar batzuk badaudela eta gogorarazi zutenez, Josefina Arregi klinika “porrot tekniko egiteko zorian Nafarroako Gobernuarekin duen hitzarmena eskasa izateagatik”. Bestetik, garatutako beste lurraldeetan AHT km gutxiago dituztela eta “askoz gehiago inbertitzen dute tren konbentzionalaren garapenean”.

Ukatu egin zuten AHTk “jendartea eta lurraldea kohesionatzen” dituenik. “Kontu jakina da landa eremuaren txirotzea eta despopulatzea eragiten duela. Izan ere, Sakanan, halako txikizioa egin arren, soilik pasatzen ikusiko genuke. Gainera, demostraturik dago aberatsen eta txiroen arteko arrakala areagotu egiten duela”.

AHT “Estatuaren botere faktikoen inposiziotzat” jo zuten: “indarrezko espropiazioak, atzeraezinezko obra burutuak, eta alde guztietako presioa erabiltzeagatik, azken batean, bortxakeria administratiboa, poliziala eta judizialez inposatuta”. Nafarroako Gobernua “ezinbesteko laguntzailea” dela gaztigatu zuten. Antolatzaileek manifestazio bukaeran esan zutenez, 5.000 pertsona elkartu ziren. Altsasuko herri sarreretan Guardia Civilak kontrolak jarri zituen.



Banderola udaletxean

Mugitu! Mugimenduko kideak Jartzazu-Jarriezu kanpainaren barruan, AHTren kontrako banderola jarri zuten Altsasuko udaletxean. Larunbatean izan zen, manifestazio garaian. Mugitu! Mugimenduko kideek azaldu dutenez, “Geroa Baik alkatetza duen udal hau, AHTren aurkako moziorik onartu ez duen Sakanako udal bakarra da. Azpiegitura hori eraikiz gero, distantzia ertain eta urruneko zerbitzuak ez ezik, Castejon eta Tafallan bezala geltokia ere galdu eta, gainera, bere ingurumena gogor hondatuko lukeen herri batean jarrera hau nekez uler daiteke”.

Mugimenduko kideek azaldu zutenez, udaletxean AHTren kontrako banderola jarriz, “Geroa Bairen jokabidea salatu nahi dugu, EAJren helburu neoliberalekin bat egin eta euskal Y-koari, mediterraneoarekin lotuz, abiadura handiko irtenbide bat eskaintzen saiatzen ari da. Horretarako, Nafarroan AHT eraikitzeko ezinbestekoak diren txostenak Madrileko gobernuari emateko prestutasun osoa izaten ari dira, gai honetan Nafarroa-Estatua hitzarmena apurtuta egon arren”. Gaineratu zutenez, “nabarmentzekoa da, Geroa Bai buru duen aldaketaren legealdian, aurreko gobernuekin baino tarte gehiago esleitu direla AHT eraikitzeko”. Azkenik, mugimenduko kideek sakandarrei dei egin zietan AHTren kontrako banderolak etxeetan jartzeko eskatu diete.