Jardunaldi kaxkarra Lagun Artea eta Altsasu taldeendako

Guaixe 2019ko api. 1a, 13:41

Erregional mailako igoera fasea: Lagun Artea 2 – Iruntxiki 3 / Universidad de Navarra 1 – Altsasu 0

Erregional mailako igoera faseko laugarren jardunaldia kaxkarra izan da gure taldeendako. Lagun Arteak Iruntxiki hartu zuen etxean eta partida garrantzitsuan hiru puntu garrantzitsu ihes egiten utzi zituzten lakuntzarrek, defentsa akatsen ondorioz lortu baitzuen 2 eta 3 irabaztea Iruntxikik.

Lagun Arteak baja ugari zituen, lesionatuak eta santzionatuak kontuan hartuta, eta hori asko nabaritu zuen Lakuntzako taldeak. Iruntxiki aurreratu zen, baina atsedenaldia baino lehen bana berdintzea lortu zuen Dávilak. Bigarren zatian Lagun 2 eta 1 aurreratu zuen Zubiriak, baina bina berdindu zuen Iruntxikik eta, 79. minutuan hirugarren gola sartu zuen Iruntxikik.

Bestalde, Iruñatik punturik gabe itzuli ziren altsasuarrak, Universidad de Navarraren kontra 1 eta 0 galdu eta gero. Partida hasi eta lau minutura gola sartu zuten OPUSeko unibertsitatekoek eta hortik aurrera abantaila ongi kudeatu zuten Universidad de Navarrakoek. Bigarren zatian Altsasu saiatu zen, gol aukera ederrak izan zituen baina ez zuen kontrako atean asmatu.

Gauzak horrela, erregional mailako igoera faseko A multzoan Ardoi da liderra (10 puntu), Lagun Artea hirugarrena (6 puntu) eta Altsasu zortzigarrena (3 puntu). Hain zuzen ere, asteburuan Ardoi B liderraren kontra ariko da Lagun Artea, Zizurren, eta 9 punturekin bigarrena den Lagunak B taldearen kontra ariko da Altsasu.