Igor Arrieta 10.a juniorren Gent-Wevelgem klasikoan

Guaixe 2019ko api. 2a, 15:58
Argazki oina: Martine Verfaillie.

Sakana Group-Aralar taldeko txirrindulari uhartearra Espainiako selekzioarekin lehiatu zen galtzadarrien klasiko ezaguneko juniorren proban

Flandriako Klasikoetako bat da Gent-Wevelgem, galtzadarrien proba ezagunetako bat. Asteburuan juniorren eta 23 urtez azpiko afizionatuen mailako lasterketa jokatu zen eta bertan Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta Lizarraga aritu zen, Espainiako juniorren mailako selekzioarekin.

Erorikoak eta arazo mekanikoak saihestea, hori da klasiko hauetako lehendabiziko egin beharra. Eta hori lortzearekin ez dira arazoak bukatzen, lasterketa oso gogor eta exigenteak baitira galtzadarrietako klasikoak. Junior mailan Quinn Simmons estatubatuarrak lortu zuen garaipena, Lewis Askey eta Samuel Watson britainiarren aurretik. 36 segundora taldetxo bat sartu zen eta bertan zegoen Igor Arrieta. Uhartearra 10.a sailkatu zen, lasterketa bikaina egin eta gero. Bere taldekide Rodriguez eta Tercero ere talde horretan zeuden. “Balorazioa oso ona da, Arrietak lortutako postuarengatik bereziki. Raul Garcia eta Ayusoren erorikoengatik izango ez balitz, aurreko taldean bost txirrindulari izango ahal genituzke” azaldu du Francisco Cerezo Espainiako selekzionatzaileak.

Afizionatuak: Aramendia 14.a Gorlako Igoeran
Igandean Gorla Igoera jokatu zen, afizionatuen mailan. Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Juan Fernando Calle kolonbiarra izan zen azkarrena, helmugara bakarrik heldu eta gero (2:56:12). Goierriko TB-Laboral Kutxako Eneko Aramendia 14.a sailkatu zen, 2:44ra; Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Josu Etxeberria iturmendiarra 32.a, 6:33ra; eta Goierriko TB-Laboral Kutxako Ailetz Lasa 72.a, 14:50ra.

Datorrena
Juniorrek larunbatean lasterketa dute Beran, 11:00etan (82,4 km). Hurrengo egunean, igandean, kadeteak eta juniorrak Tafallan ariko dira, 11:30ean, El Caserio Valsay Trofeoan (53 km). Afizionatuek, aldiz, igandean Udaberri Saria jokatuko dute Amorebietan, 10:00etan (93 km), Lehendakari Txapelketarako baliagarria den proba.