Beraza bikain Riglosen

Guaixe 2019ko api. 2a, 14:00

Huescako Trail Mallos de Rigloseko 35 km-ko proban hirugarrena sailkatu zen mendi korrikalari uhartearra, eta probako lehen beteranoa izan zen

Jose Luis Beraza mendi korrikalari beteranoak sasoi betean dagoela erakutsi du beste behin. Asteburuan Huescan ibili zen uhartearra eta Rigloseko Trail Mallos de Riglos proba gogorrean aritu zen, 35 km eta 2.200 metroko desnibel positiboa duen trailean, hain zuzen. 160 korrikalarik osatu zuten proba eta Unai Dorronsoro gailendu zen (3:16:38), Sakana Bizirik taldean dabilen Ander Ericeren aurretik (3:17:56). Hirugarrena Jose Luis Beraza izan zen (3:21:15), eta podiuma lortzeaz gain, lasterketako lehen beteranoa izan zen Beraza. Etxarrengo Gorka Santestebanek ere lasterketa bikaina egin zuen eta seigarrena sartu zen (3:30:44).

Maiza 25.a Arantzan
Igandean III. Arantzako Mendi Lasterketa jokatu zen, 20 km-ko mendi lasterketa ederra, Arantzako paraje bikainetatik barna. Eguraldia lagun, Berako Joseba Larralde (1:38:44) eta Ustarrozeko Laura Sola (2:01:40) gailendu ziren proba despeditu zuten 252 korrikalarien artean. Joxeja Maiza etxarriarra oso fin ibili zen eta 25.a iritsi zen helmugara (1:57:47). Mikel San Martin 168.a sailkatu zen (2:32:38), Ruben Cantero 179.a (2:34:50), Erkuden San Martin 185.a, probako 8. emakume onena (2:36:46) eta Francisco Jose Juango 196.a (2:39:44).

Beñat Katarain txapeldun Kolazinoko mendi egunean
Martxoaren 24an Kolazinoko Mendi Eguna mendi lasterketa jokatu zen, 24 km eta 1.500 m desnibel positiboa zuen proba gogorra. Beñat Katarain lakuntzarra oso fin ibili zen eta bera izan zen txapelduna (2:07:00). Euskal Mendi Lasterkarien Selekzioan dabilen lakuntzarrak 2 minutu eta 41 segundo atera zizkion Ander Barrenetxeari eta Walter Becerrari. Emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitia gailendu zen (2:30:54).