Ikasleek autodefentsa sarea sortu dute

Guaixe 2019ko api. 2a, 19:45

Ibarreko ikastetxeetako ikasleen beharrei aurre egin nahi diete. Aurreneko eskaera Ikasle Gelak dira.

Sakanako Autodefentsa Sareak (SAS) bere burua aurkeztu berri du. Urte hasieran Altsasu institutuan eta berriki Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletan autodefentsa sareak sortu ziren. SASek hirurak koordinatzeko eta elkarlanean aritzeko sortu dutela gaztigatu dute ikasleek. Eta gaztigatu dutenez, “jada lehenengo borroka bateratuari ekin diogu, Ikasle Gelen beharra aldarrikatzen hasi gara”. SASeko kideek azaldu dutenez, “ikastetxe bakoitzak bere behar eta baliabide propioekin landuko du borroka, baina elkarlanean ariko gara gure helburuak lortu arte”. SAS-eko kideek hiru ikastetxeetako ikasleei “sareetara gerturatzera eta ekintzetan parte hartzera” deitu dituzte. Eta Sakanako gazteei ere zuzendu zaizkie: “elkartasun zein babesa adieraztera eta eginen ditugun ekintzetara batzeko”.

Altsasu institutuko Autodefentsa Sareko kideek jakinarazi dutenez, urte hasieran sortu zuten antolakundea, “ikastetxean genituen arazoei aurre egiteko eta ikasleon saretzeari ekiteko. Horrela, hamarnaka ikasle mobilizatu eta hainbat borroka lantzeari ekin genion”. Euskal Herriko beste autodefentsa sareetako borroken parte izan direla ere argitu dute, haiekiko “elkartasuna adieraziz eta hainbat deialdietan parte hartuz”.