Arbizuko Duatloian Osoro eta Idiazabal nagusi

Guaixe 2019ko api. 3a, 14:17

22. Arbizuko Duatloia laburragoa izan zen herriko obrengatik eta 84 duatleten artean Pello Osoro eta Uxua Idiazabal gailendu ziren. Sergio Garcia de Eulate laugarrena izan zen

Arbizuko Duatloia da Nafarroako duatloien artean proba beteranoa. Aurten 22. edizioa bete zuen eta berezia izan zen, antolakuntzak, Arbizuko Udalak eta herriko taldeek, lehenengoz ibilbidean aldaketa nabariak egin behar izan zituztelako. Arbizuko Kale Nagusia berritzeko lanak bete betean daudenez hartu behar izan zen erabaki hori, eta, horregatik, aurten Arbizuko proba laburragoa izan da. Irteera plazan izan beharrean Fernando Urkia kalean, autobus geltoki ondoan egin behar izan zen eta boxak ez ziren plazan egon, eliza atzealdean izan ezik. Horregatik, antolakuntzak 115 duatleten muga jarri zuen aurtengo ediziorako. Horretaz gain, eta obrengatik, aurten ez zituzten kategoria txikiko probak antolatu, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak direnak.

Gizonen artean lehia estua
Eguraldia lagun, 84 duatletek hartu zuten irteera larunbat arratsaldean. Hasieran, 5,6 km egin behar zituzten korrika Arbizun prestatutako zirkuituan. Fernando Urkia kaletik San Juan ermitara jo zuten, autobide goitik pasata Lizarratik datorren errepideraino iritsi ziren eta handik, Kale Nagusira jaitsi ziren, plazara iritsi aurretik eskuineko kalea hartuz. Zubia gurutzatu ondoren Iruñeko Etorbidean ezkerrera egin zuten, Fernando Urkia kalera heltzeko. Zirkuitu honi bi buelta eman zizkioten eta segmentu hau oso lehiatua izan zen, Pello Osorok (Delteco Eibar) eta Jon Triguerosek (Yepa TK) borroka oso estua izan baitzuten. Ondoren, boxetan bizikleta hartu eta 24 km-ko buelta egin behar izan zituzten duatletek, tartean Lizarragako Katea gaindituz. Bizikletan Osoro nagusi izan zen eta Delteco Eibar taldekoak alde ederra atera zion Triguerosi. Iñaki Isasi duatleta oso ongi ibili zen txirrindularitza segmentuan: Triguero aurreratu zuen, ez, ordea, Osoro.

Bukaeran, korrikako azkeneko segmentuak –2,6 km– proba erabaki zuen eta Osoro gailendu zen (1:13:04), Jon Triguerosen (1:13:31) eta Iñaki Isasiren aurretik (1:13:21). Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate podiuma zapatzear egon zen, laugarrena iritsi baitzen helmugara (1:13:55). Lan oso txukuna egin zuten duatleta sakandarrek.

Emakumezkoetan Idiazabal nagusi
Emakumezkoetan Uxua Idiazabalek (San Juan) dominatu zuen hasieratik Arbizuko proba. Lehen partzialean minutu bateko errenta atera zien arerioei. Bizikletan distantzia ateratzen jarraitu zuen eta, azkenean, helmugara bakar bakarrik iritsi zen (1:32:48), Ane Alava bigarrenari (Universidad de Navarra) 6 minutu pasa ateraz (1:38:16). Eneritz Urrutiak (Antxintxika) osatu zuen podiuma (1:38:52).

Asteburuan Nafarroako taldekako Duatloi Txapelketa jokatuko da Eguesibarren eta bertan arituko dira Sakana Triatloi Taldekoak.

Sakandarrak Arbizuko XXII. Duatloian
1.Pello Osoro        1:13:04
4.Sergio G. Eulate    1:13:55
7.Mikel Astiz        1:14:37
14.Fco. Javier Gomez    1:17:17
16.Iñaki Alvaro        1:17:34
21.Juan Larrea        1:18:20
22.Ivan Sobredo        1:18:20
24.Javier Borrega    1:18:45
27.J. Carlos Gomez    1:19:34
32.Aritz Munarriz    1:20:42
55. J. Ignacio Iturrioz    1:28:34
72.Luismi Chaves    1:39:46