Nafar Kirol Jokoak: Berriozarrek hartuko du lekukoa

Guaixe 2019ko api. 4a, 13:33

Aurreko igandean Nafar Herri Kirol Jokoen 3. jardunaldia jokatu zen Erratzun eta igandean Berriozarrek hartuko du lekukoa, goizeko 10:30ean. Andra Mari ikastola saritu dute herri kiroletan inklusioa lantzeagatik

Nafar Kirol Jokoen 3. jardunaldia aurreko igandean jokatu zen, Erratzun. Txapelketa honetan 4 jardunaldi jokatuko dira eta, hain zuzen ere, igandean, goizeko 10:30ean jokatuko da azken jardunaldia, Berriozarren. Ondotik, maila bakoitzeko lau talde onenak Altsasun apirilaren 14an jokatuko den final handirako sailkatuko dira.

Erratzun jokatutako 3. jardunaldiari dagokionez, aipatu beharra dago frontoiko zorua nahiko irristakorra zegoela eta eroriko asko izan zirela. Proba konbinatuei dagokionez, Etxarriko Andra Mari ikastolako taldeak izan ziren nagusi. Kimuetan 20 talde aritu ziren 5 taldetan banatuta, eta guztien denborak kontuan hartuta, Andra Mari 4 gailendu zen (6:48), Andra Mari 6 taldearen aurretik (6:51). Andra Mari 7 zazpigarrena sailkatu zen (7:11), Andra Mari 5 bederatzigarrena (7:12), Andra Mari 1 hamargarrena (7:13), Bargagain 14.a (7:21), Andra Mari 3 hamabosgarrena (7:26), Intsusburu 16.a (7:32), Gainsol hamazazpigarrena (7:34) eta Andra Mari 2 hogeigarrena (8:06). Haurren mailan 10 talde lehiatu ziren lau taldetan banatuta eta Andra Mari 3 izan zen azkarrena (9:01). Andra Mari 1 zazpigarrena sailkatu zen (10:26) eta Andra Mari 2 hamargarrena (12:25). Bukatzeko, kadeteetan 7 taldek hartu zuten parte bi multzotan banatuta. Andra Marik irabazi zuen (10:11) eta Iñigo Aritza bigarrena sailkatu zen (10:16).

Sokatirari dagokienez, haurren mailan (480 kg) A multzoan 5 taldek hartu zuten parte eta Andra Mari 4 izan zen onena (5 puntu), Iñigo Aritzaren aurretik (3,5 puntu). Andra Mari 2 bosgarrena sailkatu zen (1 puntu). Eta B mailan lau talderen artean Txantrea izan zen lehena (3,5 puntu), Andra Mari 3 taldearekin puntutara berdinduta. Andra Mari 1 hirugarrena sailkatu zen (2 puntu). Bukatzeko, kadeteen mailan (540 kg) 7 talde lehiatu ziren bi multzotan banatuta. A multzoan Basarnegi izan zen finena (4 puntu) eta Andra Mari 1 laugarrena sailkatu zen (puntu 1) eta B multzoan Andra Mari 2 izan zen finena (3 puntu) eta Iñigo Aritza bigarrena (1,5 puntu)

Andra Mari ikastola, herri kiroletan inklusioa lantzeagatik sarituta
Nafarroako Gazteria eta Kirol Institutuak Kirol Balioei Sariak ematen ditu eta sari horietako bat Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak jaso du, herri kiroletan inklusioa lantzeagatik. Hain zuzen ere, kimuen mailako Nafarroako Herri Kirol Jokoetan, Andra Mari ikastolako taldeetan Asperger sindromea duen ikasle batek eta Down sindromea duen beste ikasle batek hartzen dute parte, gainontzeko bere ikaskideekin batera. Horregatik, inklusioa lantzeagatik, saritu dute Andra Mari ikastola. Saria ikastolako herri kiroletako arduradun Mikel Senarrek jaso zuen, aurreko ostiralean, Iruñean.


Sortzen festa girotzeko herri kirolak Uharten eta Etxarrin
Sakanako herri eskolek maiatzaren 18an Sortzen festa antolatuko dute aurten Altsasun, Taup-Taup Zatoz!! leloarekin. Festa sustatzen, girotzen eta berotzen joateko herri kirol jardunaldiak antolatu dituzte larunbatean, apirilaren 6an, Uharte Arakilen eta Etxarri Aranatzen. Uharte Arakilen goizeko 11:00etatik 12:00etara izanen dira herri kirol jardunaldiak eta, Etxarri Aranatzen, aldiz, arratsaldean, 17:00etatik 18:00etara.