Euskal Herriko Itzulia Sakanatik pasako da

Guaixe 2019ko api. 4a, 15:48
2016an ere Euskal Herriko Itzulia Sakanatik pasatu zen, kasu honetan Altsasutik.

Itzuliko 2. etapa, asteartean, Zumarragan hasi eta Gorraizen bukatuko da (149,5 km). Lizarrustiko portutik Sakanara sartuko da, Etxarri Aranatzera, eta Irurtzuneraino iritsiko da, handik aurrera Gorraizen despeditzeko

Munduko txirrindulari onenak gertu ikusteko aukera izango dugu. Izan ere, Euskal Herriko Itzulia Sakanatik pasako da asteartean. Itzuliko 2. etapa Zumarragan hasiko da, 13:45ean eta Gorraizen despedituko da, 149,5 km geroago. 3. mailako Lizarrustiko portua gainditu eta gero iritsiko da tropela Sakanara, 14:45 inguruan, eta Arbizura 14:56 aldera. Handik Sakanako herrietan barna Irurtzuneraino helduko dira (15:25), aurrera segi eta Gorraizera heltzeko (17:15 inguruan). Etapan bi portu gainditu beharko dituzte korrikalariek, Olaberria gaina eta Lizarrusti, biak 3. mailakoak.

169 txirrindulari ariko dira, 23 taldetan banatuta. Luxuzko parte-hartzea izanen da: Mikel Landa eta Nairo Quintana (Movistar Team), iazko Tourreko irabazle Geraint Thomas (Sky), Adam Yates (Mitchelton-Scott), Izagirre anaiak (Astana), Rohan Dennis (Bahrain Merida), Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step) eta puntako txirrindulariak egongo dira tartean, Murias-Euskadi eta Rural Kutxakoak.